argia.eus
INPRIMATU
Ainara Sarasketari emango diote 2018ko Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria
  • Euskal Herriko Batukada Feministaren sortzaileetako bat da Ainara Sarasketa azkoitiarra, Arantxa Vicedorekin batera, eta aurten IV. Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria jasoko dute. Jaizkibel Konpainiak azaldu du hainbat arrazoigatik emango dietela saria bi emakumeei, esaterako, «emakumeen duintasuna eta eskubideak jokoan edo auzitan dauden zenbait gunetan» parte hartu dutelako, «aldarrikapen feminista indartuz eta zabalduz».

Azkoitiko Maxixatzen @maxixatzen 2018ko abuztuaren 24a

Jaizkibel Konpainiak jakinarazi duenez, honako arrazoi hauengatik jasoko dute saria:

«Duela urte gutxi esklusiboki gizonena zen gune bat zabaldu dute emakumeentzat.

Gune horrek, gainera, ikusgarritasun izugarria du jarduera kalean, plazan, egiten delako eta musikak (batukada soinuak, bereziki) izugarri erakartzen duelako.

Feminista deitzen diote batukadari, helburua ez delako bakarrik jai giroa sortzea eta ondo pasatzea baizik eta emakumeen berdintsuna aldarrikatzea ere.

Batukada jotzeaz aparte, ikastaroak eta tailerrak antolatzen dituzte, emakumeei boza, ahalmena eta alaitasuna emanez.

Sare bat sortu dute eta emakume asko dira hor elkarlanean dabiltzanak.

Emakumeen duintasuna eta eskubideak jokoan edo auzitan dauden zenbait gunetan parte hartu dute, aldarrikapen feminista indartuz eta zabalduz.

Zazpi urte pasa dira Ainarak eta Arantxak Batukada Feminista abian jarri zutenetik. Ziur hamaika oztopo, buruhauste eta arazo izan dituztela. Hasierako urteak ez ziren batere errazak izan ziurrenik, eta aurrera ekin zuten».

Duela zazpi urte, 2015. urtean, sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, «emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak» aintzat hartzeko. Konpainiaren helburua da parekidetasunaren alde lan egiten dutenei onarpena egitea eta Alarde Egunean zabaltzen den irudia aldatzea.

Albiste hau Maxixatzen-ek argitaratu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.