argia.eus
INPRIMATU
Aieteko Bake Konferentziaren edukiak ez dira bete bost urte ondoren
  • Aieteko Konferentzia egin zenetik bost urte iragan dira astelehen honetan. Donostiako Aieteko Jauregian egin zen bake konferentzia eta bost puntu nagusi adostu ziren bertan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko urriaren 17a
Nazioarteko pertsona ezagunek Bake Konferentziaren ondorioak azaldu zituzten ekitaldiaren amaieran. (Argazkia: Dani Blanco).

ETAk armak uztea. ETAri jardun armatua behin-betiko amaitzea eskatzen zitzaion. Horrela egin zuen ETAk handik hiru egunera, 2011ko azaroaren 20an.

ETA eta gobernuen arteko elkarrizketa. Espainiako eta Frantziako Gobernuei ETArekin hitz egitea eskatzen zitzaien, “soilik gatazka armatuaren ondorioez”; funtsean armagabetzea, preso eta erbesteratuak eta ETAren egoeraren gaiak jorratu behar ziren.

Biktimen aitorpena. Biktima guztien minari buruzko aitortza egitea, horrek biktimen duintasunean eta bizikidetzan aurrera egitea lagunduko zuelako.

Elkarrizketa politikoa. Eragile politiko ez-bortitzak eta alderdi politikoen artean elkarrizketei ekitea, gatazkaren oinarrian ziren gai politikoez jarduteko. Herri Kontsulta bat egitea ere aholkatzen zuen.

Jarraipen batzordea. Nazioarteko aholkulari taldeak bere prestutasuna agertu zuen bake prozesua bideratzen laguntzeko eta horretarako jarraipen batzorde bat osatzeko.

ETAk egun gutxira iragarri zuen jarduera armatuaren amaieraren lurreratze pistatzat jo zen konferentzia eta sekulako oihartzuna sortu zuen euskal gizarte osoan. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak hala adierazi zuen bilkuraren zentzua: “Euskal Herrira etorri gara gaur Europako azken konfrontazio armatua behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako”.

Konferentziaren puntu nagusiak, alabaina, zintzilik dira. Balorazio ugari egin daitezke aipatu bost puntuez, baina laburpena honakoa litzateke: ETAk borroka armatua utzi zuen, baina ez da elkarrizketarik eman Frantzia eta Espainiako gobernuekin, edo ez da publiko egin behintzat. Preso eta erbesteratuen egoera konferentziaren aurreko bera da. ETAk ez da oraindik armagabetu. Ez da mende erdiko gatazkaz eta arazo politikoez elkarrizketa berezirik eman. Biktimen minari buruzko aitortzaz urrats garrantzitsuak eman dira euskal gizartean.