argia.eus
INPRIMATU
Ahuakate berri bat sortzeko
  • 2002an, gaixorik zela, epaia eman zioten, eta lepoa moztu. Bai zuhaitzei eta arbolei ere lepoa mozten zaie, eta akabatu. Eskerrak ordurako milioika ondorengo eman eta bere genetika mundu osora hedatu zuela.

Jakoba Errekondo 2025eko abenduaren 22a
Ezkerrean Rudolf Gustav Hass, atzean izen bereko ahuakateondoak dituela. cucinare.tv

Ahuakateondoa da (Persea americana). Gaur egun gehien landatzen ari diren fruitu arboletakoa, eta joera hori areagotu egingo dela dirudi. Euskal Herrian ere gero eta ahuakatedi gehiago eta handiagoak ikusten dira. Gure isurialde atlantikora ederki egokitzen da, eta hegoalderagoko lurralde ahuakategileen aldean abantaila bat badugu: ur asko dugu.

Udazkena eta negua dira ahuakate uztaren sasoiak, gure inguruan. Hiru barietate lantzen dira, batik bat: Bacon, Fuerte eta Hass. Baconen uzta urrian da, Fuerterena azarotik urtarrilera eta Hassena urtarriletik apirilera. Itsaso inguruko lurralde horietakoren batean sailik baduzu eta urtean zazpi hilabetetan ahuakate freskoa jan nahi baduzu, hiru barietateak landatu. Ale asko eta onak emateko beharrezkoa duten elkarren arteko polinizazio sano eta oparoa izango dute eta aleen emanak harrituko zaitu. Ahuakateondoarentzako urtero da bai urtea. Landare indartsua da, hazteko joera nabarmena du eta horrek fruitua atzeratu dezake, baina, txertatutakoa bada, batik bat eguraldiari lotutako gorabeherak direla tarteko urtero emango dizu uzta, urteko egun hotz eta ilunenetan ahoa eta gorputza gozatuz. Bertoko eta sasoiko ahuakatea zeure buruari eman diezaiokezun lainezarik ederrenetakoa da, eresia izateko adinako guraria.

Ahuakaterik zabalduena Hass barietatekoa da. Kosta egingo zaizu dendetan beste bat topatzea. Ale borobil antzekoa da, azal beltzaxka zakarra eta lodi xamarra duena, mami krematsua, koipe eduki handikoa eta sendoa, zuntz arrastorik gabekoa eta intxaur zapore ukitu politarekin. Azken horrek egin du ezagun eta jantzi du mundu osoan duen sona.

Hass izena Rudolf Gustav Hass zenari zor dio. Hass jauna postaria zen, baina ahuakate ekoizle egin zen Kalifornian XX. mendearen hasieran, boladan jarri zenean. Garai hartan azal leuneko ahuakate aleak ematen zituzten barietateak zeuden puri-purian. Horiek hazitik sortutako landare txertakatan txertatzen ziren. Txertaka horiek mintegietan egiteko, edozein ahuakate aleren haziak ereiten ziren. Hazitik sortutako ia edozein landare bezala, ez da ale hori eman duen amaren berdina izango; probabilitatea oso motza da. Gehienetan hazia zekarren alea eman duen ama ezagunak eta soilik polena ekoitzi eta intsektuek edo haizeak emearengana hurbildu dezaten prestatu duen aitak dituzten ezaugarrien arteko nahasketa bereizi bat duen landare erabat berria izango da.

Gure Rudolf lagunak hazitik ekarritako txertakak Fuerte eta Lyon barietateekin txertatuta, ahuakate horien uzta nahi zuen. Txertaka bat, baina, egoskorra izan eta txerturik hartzen ez. Hurrengo urtean beste hainbeste. Eta hirugarrenean, zaputzaldian ipurditik ateratzeko asmoa zuela, ezetz, han uzteko esan zion lagun batek, ea bada zer ale klase eman behar zuen. Eta hortik Hass klasea; 1931n eman zituen lehen sei aleak. Patentatu zuen baina ez zuen zorte handirik izan, azal leuneko ahuakate politen ondoan azal ilun zakarrekoa baztertua izan zen. Gerora, baina, munduko ekoitziena izan da; gaur egun egiten den ahuakate guztiaren %95 da Hass, fruitu arbola lehen haren segidakoa, txertatuz eta txertatuz ugaldua; asaba amandre haren kopiak, klonak. Berari, 2002an, gaixorik zela, epaia eman zioten, eta lepoa moztu.

Udaberrian zotzetik edo udan begitik txerta daiteke hezurra erein eta sor dezakezun ahuakate landarea. Txertatu gabe utzita barietate berri-berri bat sortuko duzu, ale kaxkarrak edo bikainagoak ematen dituena, inork ez daki. Hori bai, patentatzerakoan zure abizena jarri beharrik ez diozu izen, baina ohitura hala da.