AHTren aurkako baraualdia eta trenaren aldeko jardunaldiak ia batera egingo dira

  • Mugitu! desobedientzia kolektiboak AHTren aurkako txandakako baraualdia aurkeztu zuen atzo Bilbon. Azaroaren 10etik abenduaren 1era bitartean egingo da Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat herritan, AHTk platerak husten ditu lelopean. Baraualdia hasi baino apur bat lehenago, azaroaren 6an eta 7an, AHTk Gipuzkoan duen inpaktu ekonomikoari buruzko jardunaldiak egingo dira Donostiako Kursaalen, Eusko Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak antolatuta, Aukerak eta garapen ekonomikoa izenburupean.


2012ko urriaren 31n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
AHTren obrek milaka lanpostu berri sortu dituztela dio Jaurlaritzak.

Ernesto Gasco Garraio sailburuordeak atzo aurreratu zuenez, 200 bat adituk parte hartuko dute AHTk eskaintzen dituen aukera ekonomikoak nabarmentzea xedu duten jardunaldietan. Hainbat adibide eman zituen. Batetik, AHTren obrek Gipuzkoan jada 5.000 lanpostu berri sortu dituztela esan zuen. "Obra horiek gabe, Euskadin krisi ekonomikoa sakonagoa litzateke", adierazi zuen. Bestetik, Gascoren hitzetan, AHT martxan jartzen denean, behin Paris eta Madril arteko loturak amaituta, EAE bisitatzen duen turista kopurua %10 haziko da.

Hain justu, AHTk Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian duen inpaktua hizpide, honakoa zioen Xabier Letona ARGIAko zuzendariak pasa den asteko aldizkarian: "Duela 30 urte ere oso ezagun egin zen esaera hura, Lemoizko zentral nuklearra egin ezean azak besterik ez genituela jango. Duela 30 urte egin zuten Madril-Sevilla AHT ospetsua, eta gaur egun Sevillan %30eko langabezia dago. Baina Errauskineri gauerdia iritsi zaio eta ezusteko krisi baldar eta zantar batek bere ametsa bertan behera utzi du. Urtetan Euskal Y proiektua eta gure ongizatea lokarri sendoz lotu dituzte erakundeek, eta hala jarraitzen dute egiten, baina apalago, gaur egun murrizketek eurek adierazten baitute ongizatea zerekin dagoen lotua. Eta are eta garrantzitsuago, gero eta argiago ikusten da murrizketetan eta ongizatean zerk eragiten duen benetan: Euskal Y-aren kilometro bakoitzak 25 milioi euro balio du, adibidez, eta Espainiaren esperientziak erakusten du mantenu gastuetan urtean kilometro batek 100.000 eurotik gorako gastua duela (tunel barruan 200.000 euro, eta Euskal Y-an 172 kilometrotik 104 halakoak dira)". Datu gehiago eman ostean, Letonak dio "arrazoi asko" leudekeela "faraoien obra hau birpentsatzeko", besteak beste, oraindik gehiena egin gabe dagoelako, eta "eginda dagoena bestelako tren mota bat egiteko balia litekeelako".

Letonak aipatu dituen erakunde horietako ordezkariak Donostian izango dira azaroaren 6an eta 7an, enpresa eraikitzaile ugarik (pdf) babestutako ekitaldian. Jardunaldion harira, AHT Gelditu! elkarlanak deituta, tren lasterraren aurkako elkarretaratzea egingo da azaroaren 6an Kursaal jauregiaren aurrealdean (goizeko 9:00etan).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


Iruñeko Udaleko aurrekontu hitzarmena sinatu dute lau indarrek

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu dute akordioa.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Eguneraketa berriak daude