Donostiako eta Oarsoaldeko AHTren aurkako taldeen ekimenez, AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo proiektuari alegazioak jarriko dizkiote eta horretarako, sinadurak biltzen ari dira udalerri kaltetuetan. Apirilaren 13an kontzentrazioa egingo dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Donostiako Pio XII plazan duen egoitzaren aurrean.
AHTren erokeria gelditu! lemapean, alegazioen aurkezpen kolektiboa egingo dute kontzentrazioekin batera. Egitasmoak “lurraldeari eraso egiten diola” argudiatu dute. Tarte horren 440 milioi euroko kostua aintzat hartuz, premia sozialei lehentasuna ematea ere aldarrikatuko dute.
Zati horren tramitazioa bertan behera utzi eta AHTren lanak geldiarazteko eskatuko dute, “makro-proiektu honek lurraldean eta gizarte ereduan dituen eraginak kontuan hartuta”. Herritarren artean eztabaida eta erabakitzeko prozesu parte-hartzailea martxan jartzea nahi dute kontzentraziora deitu duten taldeek.
Bestalde, Lezo-Gaintxurizketan ezarri nahi den merkantzien garraiorako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo Superportua “AHTri lotutako azpiegiturak direla eta desadostasun sozial eta instituzional garrantzitsua” eragiten dutela adierazi dute.
Azpiegitura hori eraikitzearen “justifikazio falta” ere azpimarratu dute, Frantziako Gobernuak Bordeletik hegoaldera Abiadura Handiko Trenbide berri bat eraikitzea baztertu duela argudiatuta.