Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) "hutsuneak" aurkitu ditu 2011. urteko Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lau kontratuetan.
"Espediente administratiboen kudeaketari dagozkion hutsuneak edo hobetzeko alorrak dira", kontuen epaitegiko presidente Jose Ignacio Martinezek azaldu duenez. Etorkizunean "hutsuneok" konpontzeko dei egin dio Kontratazio Mahaiari; eta gogorarazi du epaitegiak ez duela zigorrik jartzeko ahalmenik.
Akats administratibo gehiago ez gertatzeko ikuskaritza erakundeek eta Legebiltzarrak ahalegin handiagoa egin beharko luketela esan du, epaitegiak ez duelako "haien babesik".
HKEEko presidentearen hitzetan, ordea, "bestelako erabaki batzuk eraginkorragoak izango liratekeela pentsarazi dezakeen akats formalik ez dago".
Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politikaren batzordean eman ditu azalpenak Martinezek, EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek eskatuta. EAEko Fiskalizazio Txostenean agertzen da "hutsune" horiei buruzko aipua, Naiz.info-k pasa den uztailean jakinarazi zuen moduan.
Esleitu ziren lau kontratuak zati hauei dagozkie: Bergara-Bergara, Antzuola-Ezkio/Itsaso, Ezkio/Itsaso-Ezkio/Itsaso eta Hernani-Astigarraga. Martinezek azaldu duenez, esleipenak "balio-judizioari lotuegi" zeuden kontratatutako enpresak aukeratzerakoan. Txostenak dioenez AHTren kontratuen espedienteetan ez dira zehazten eskaintza onena adjudikatzeko irizpideak.