argia.eus
INPRIMATU
AHTk eragindako Hernialdeko zuloa handitzen ari da kontrolik gabe
ARGIA @argia 2014ko azaroaren 12a
Zuloa nola handitzen ari den erakusten du Tolosaldeko Atariak argitaratu duen argazki konparaketa honek.

Azken asteko euriteek eragin dute zuloa zabaltzea, Atarian irakur daitekeenez. Problema konpondu ezinik dabiltza obren arduradunak.

Zuloa agertu den lurraren jabea, Adrian Tolosa, joan den ostegunean bildu zen lanen ordezkariekin Hernialdeko udaletxean eta aitortu zioten arazoaren soluzioa aztertzen ari direla, estudio geometrikoen bidez zuloa estali nahian.

Obren arduradunen interesa zuloa lurrazaletik estaltzea da eta hori egin bitartean, lurrak alokatzea proposatu diote Tolosari, hartara bi urteko epean obran jardungo duten langileak bakarrik sartu ahalko lirateke eremura. 3.000 euro eskaini dizkiote lurjabeari.

Edozein modutan, bi urte horietan terrenoa egoera egokian geratuko ez balitz, Tolosa desjabetu egingo lukete. “Zur eta lur” geratu dela adierazi dio Tolosak Atariari.

Kezka eskualdean

Hernialdeko zuloa agertu zenean polemika handia eragin zuen, bai eskualdean, bai Euskal Herri osoan. Inguruko udaletako alkateek obren moratoria eskatu zuten. Tolosa, Hernialde eta Anoetako alkateek kezka agertu zuten, “zulo honek oraingoan soro batean izan baitu eragina baina edozein momentutan baserri bat irentsi dezake”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Sailak adierazi zuen “ohikoa” dela Hernialdekoa bezalako zuloak agertzea eta arazoa "momentutik bertatik" konpontzen hasi zirela.