argia.eus
INPRIMATU
AHTaren aurka Arabako haranetan ezarritako alegazioei ez diete erantzun
  • AHTrik Ez Arabako Haranak plataformak salatu du Adif-ek ez diela erantzunik eman herritarrek, udalek eta administrazio batzarrek aurkeztutako alegazioei. Alternatiben alde egiteko deia egin du plataformak.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 16a
Sustapen Ministroaren aurrean burututako kontzentrazioa bat, 2019ko urtarrilean. Argazkia: AHTrik Ez Harabako Haranak.

Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (Adif) presidente Isabel Pardo de Verak El Correo egunkarian adierazi berri du ebatzita daudela Arabako landa-eremuetan AHTaren ibilbideari ezarri zaizkion alegazio guztiak. AHTrik Ez Arabako Harana plataformak baieztapen hori gezurtatu du.

Herritarrek maila indibidualean alegazioak aurkeztu zituzten. Baita AHTaren ibilbidean dauden udalek eta administrazio-batzarrek ere. Adif-ek alegazio horietako bakar bati ere ez diola erantzunik eman ziurtatu du plataformak. Gogoratu du ere Adif-ek ez zituela kontsultatu tokiko administrazio-batzarrak, nahiz eta horretara behartuta egon. Hori dela eta, uztailean alegazioak aurkezteko epea ireki behar izan zuen berriz ere Sustapen Ministerioak.

Alternatiben alde

Plataformaren esanetan, AHTak diru xahutzea dakar, ingurumena suntsitzen du eta landa-eremua galbidera kondenatzen. Eredua bera ekonomikoki ez dela errentagarria azpimarratzen du ere: "Abiadura handiko korridore bakar bat ere ez da errentagarria”. Alternatiben alde egiteko deia egin du ekimen herritarrak. Esaterako, Europako Kontu Auzitegiak proposatzen duenari helduz, trenbide konbentzionalak egokitzea nahi du AHTrik ez Arabako Haranak plataformak.