Hendaia eta Baionaren arteko trenbidea berritzea Ipar Euskal Herrian AHTa ez eraikitzeko urrats erabakiorra izan daiteke. Makroproiektuaren bideragarritasuna ezbaian jarri dute, baina oraindik ez da behin betiko baztertzeko erabakirik hartu.
Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariak abuztuaren 1ean izan du bilera SNCF Frantziako Estatuko trenbide konpainia publikoarekin. Jada eraikia dagoen tren sarean hogei milioi euroko inbertsioa egitea erabaki dute, eta obrak 2018an hasi eta 2020ean bukatzea aurreikusten da.
Beraz, abiadura handiko trenaren Lapurdiko adarraren proiektua alboratzea ekar dezake erabakiak. Izan ere, eragile ugari aspaldi ari da proposatzen alternatiba gisa, berria eraiki ordez, tren sarearen hobekuntza.
Tamainako inbertsioak AHTaren gastu eta onuren aldea txikiagoa egiten duenez, askorentzat proiektuaren amaieratzat hartu daiteke. Ordea, ez da oraindik AHTa behin betiko alboratzeko erabakirik hartu. Horrela balitz, EAEn eraikitzen ari diren AHTak lotura esanguratsua galduko luke.