Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak ostegunean aurkeztu zuen Burgosen hiri horren eta Gasteizen arteko AHT bidezko lotura. Azaldu zuenez, zati horretan abiadura handiko trenak ez du merkantziarik eramango eta pasaiarientzat soilik izango da.
Lanak 2019an hastea aurreikusi dute eta bost urtean eginda egotea espero dute. Denera 93 kilometro izango lituzke ibilbideak eta 1.200 milioi euroko kostua. Burgoseko irteera inguruko zelaietatik izatea erabaki dute, baina Pancorbotik aurrerakoa oraindik definitu gabe dago.
Nolanahi ere, Sustapen ministerioaren agerralditik arreta gehien AHTren erabilerari buruzko bere adierazpenek piztu dute. De la Sernak ziurtatu du trenak soilik pasaiariak eramango dituela, merkantziak garraiatzea ezinezkoa baita, zati horretako maldak 30 milesima ingurukoak direlako.
AHTren erabilera "mistoa" baztertuta geratu da, beraz, Gasteiztik harago. Hain justu, Euskal Y-a egiteko Eusko Jaurlaritzaren argudio nagusietako bat izan da errepide bidezko merkantzien garraioa arindu eta Europako merkataritza sareekin konektatuko lukeela euskal lurraldea.