argia.eus
INPRIMATU
AHT gelditzeko eskatu diote Bilbon Iñigo de la Serna ministroari
  • AHT Gelditu elkarlanak deiturik, herritar multzo batek tren lasterraren obrak gelditzeko eskatu dio Iñigo de la Serna Espainiako ministroari Bilbon. Ministroak parte hartu behar zuen Correo hedabide korporazioak eta BBVA bankuak antolatutako forum batean.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 31

Atarian zain zeuzkan AHT Gelditu elkarlaneko ekintzaileak, eskatuz Euskal Y delako obra geratu dezala: "Eraikuntza honetan nahiz eta ia aurrekontuaren erdia gastatu, ez da arrazoia obrak egiten jarraitzeko". Bertan irakurri eta hedabideetara zabaldu duten agirian oroitarazten dute AHTa ez dela errentagarria izango, zenbait ikerlarik erakutsi duten moduan.

"Abiadura Handiko Trenari ez diogu uko egin behar –diote agirian– arlo ekonomikoetan bakarrik, baita alor ekologiko eta gizarte arloetan ere. Eraikuntza beraren ekologiaren arrastoak inoiz ez dira ordainduko. Lurzoruaren okupazioa oso nabarmena da, 3.000 hektareatik gorakoa da, lurralde eta udal asko zatituko baititu. Gutxiengo dirudunentzat bideratuta dago, eta ez guztion onurarako".

Ministroarentzat ez ezik, Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere badute mezua: "Urkulluri Abiadura Handiko Trena eraikitzeko hitzemandako 3.300 milioi euro behar ditugu, baina ez izugarrizko eta alferrikako obra hau egiteko, baizik eta beste beharrizanak asetzeko, alegia Osasungintza, Hezkuntza eta hainbat giza premia".

Ministroa etorria zen Correo-k eta BBVAk antolatzen duten Expectativas Económicas forumean parte hartzera. Berarekin elkarrizketan aritu ziren EAEko Ogasun sailburu Pedro Azpiazu, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta zenbait alderdi nagusietako buruak ere, enpresa munduko pertsonalitateekin batera.