Ipar Euskal Herriko AHTri buruzko azalpenak eman ditu Frédéric Cuvillier Frantziako Garraio ministroak Sud Ouest egunkariari eskaini dion elkarrizketan.
Euskal Herriari dagokionez, Bordele eta Dax lotuko dituen zatiaren exekuzioa orain hasi eta 2027an bukatzeko asmoa dauka Frantziak.
Horrekin batera, Dax eta Hendaia arteko zatia eraiki ahal izateko “ikerketa gehiago” egingo dituztela iragarri du Cuvillierek eta “beranduenez 2032rako” nahi dutela AHT Lapurdiren mendebaldeko herrira iristea (azken berriek 2030era arte atzeratu zuten eraikuntza eta ministroaren adierazpenek bi urte gehiago atzeratuko dela pentsarazten dute).
Cuvillierek gaineratu du Frantziako Gobernuak borondatea daukala Frantziako eta Espainiako estatuetako abiadura handiko trenak bat egiteko eta François Hollande errepublikako presidenteak prestutasun horren berri emango diola Mariano Rajoy Espainiako presidenteari azaro amaierako bilkura franko-espainiarrean.
Herritar askok eta zenbait hautetsik adierazi dute linea berri horren kontrako iritzia Le Pointek gaur gogora ekarri duenez. AHTren kostua gehiegizkoa dela argudiatzen dute aurreztuko duen denboraren aldean eta gaur egungo trenbide sarea berritzea nahiago dute.