AHT Gelditu eta Mugitu kolektiboetako kideek Europako alferrikako mega-proiektu inposatuen 3. Foroan parte hartu dute. Alemanian egin da, Stuttgarten, uztailaren 25etik 29ra bitartean.
Abiadura handiko trenaz gain, autopistak, aireportuak, meategiak, urtegiak eta kirol instalazio erraldoiak izan dituzte hizpide, besteak beste, foroan parte hartu duten eragileek.
Tartean izan dira, adibidez, Ingalaterra, Italia eta Suitzako tren lasterraren aurkako ekintzaileak; zentral nuklearren kontrako Frantzia eta Alemaniako kolektiboak; eta Turkiako Gezi parkea merkatal-gune bilakatu nahi duen proiektuaren aurkako taldeak.
Foroan parte hartu duten ekintzaileen hitzetan, proiektu horiek guztiek ezaugarri berdinak dituzte: ingurunea kaltetzen dute, alferrikakoak dira, gutxiengoari egiten diote mesede, diru-publiko ugari xahutzen da, eztabaida demokratikoari oztopoak jartzen zaizkio eta aurkako protestak errepresioarekin isilarazi nahi dira.
Hain justu, AHTren aurkako ekintzaileek sufritutako errepresioa hizpide, AHT Gelditu eta Mugitu kolektiboek gogorarazi dute 2011ko urrian Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuari tartak jaurti zizkioten lau lagunentzat 4 eta 9 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituela fiskalak.
Datorren urtean Errumanian egingo da alferrikako mega-proiektuei buruzko foroa.