argia.eus
INPRIMATU
Ahalegin bat gehiago Macronek: azken aukera Lecornuri
  • Macronek onartu du Lecornu lehen ministroaren dimisioa, baina azken aukera eskatu dio, eta Lecornuk hitzeman du ahalegina egingo duela: asteazken gauera arte du beste gobernu bat osatzea posible den edo ez jakinarazteko. Agertoki posibleak aztertu ditugu artikuluan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urriaren 07a
Sébastien Lecornu eta Emmanuel Macron, artxiboko irudian.

Marka guztiak hautsi ditu Sébastien Lecornuk: ia hilabete behar izan du gobernua osatzeko, eta ministroak aurkeztu eta 24 ordu igaro baino lehen, dimisioa aurkeztu du. Inork ez du Frantziako bosgarren errepublikan hain gutxi iraun lehen ministro karguan; inork ez du gobernua osatzeko hainbeste denbora behar izan; eta inoren gobernuak ez du hain gutxi iraun. Eta orain, Emmanuel Macronen azken mandatua konplitu eta azkenean karguan jarraituko badu, lehendabizikoa izango da dimisioa eman eta atzera ere karguari eusten diona.

Astelehen goizean aurkeztu zuen dimisioa Lecornuk, eta Macronek, lehen unean, onartu egin zuen. Baina bazkalondoan atzerapausoa eman zuen. Lecornuri azken ahalegina eskatu dio: 48 orduko epean negozia dezala legebiltzarreko alderdiekin, eta era dezala “ekintzarako plataforma egonkorra”. Ardura hartu du Lecornuk; asteazken gauean jakinaraziko du ea beste gobernu bat osatzea posible den edo ez.

Macron, presiopean

Urtebetean hiru lehen ministro izan ditu Macronek –Barnier, Bayrou eta Lecornu–, eta azkenekoaren dimisioa 48 orduz luzatuta, denbora zertxobait gehiago irabazi nahi du presidenteak. Noiz arte, eta nola; horiek dira galderak. Dena den, Lecornuren porrotaren testuinguruan, hala moduz iradoki du Eliseoak Macron “prest” dagoela “erantzukizuna hartzeko”.

Etxe barrutik ere etorri zaizkio kritikak azken orduotan; Gabriel Attal lehen ministro ohi eta Macronen alderdikoak esan du ez dituela ulertzen presidentearen erabakiak, hauteskunde legegileak aurreratu zituela iaz, eta ordutik botereari eustea beste helbururik ez duela.

Intsumisoek, bestalde, zentsura mozioa deitu dute presidentearen aurka; gehiagotan ere egin dute halakorik, baina iritzi publikoa ez dute orain bezain alde eduki. Batasun Nazionala eta ultraeskuina, berriz, “prest” agertu dira hauteskundeetarako. Sozialistak eta errepublikanoak, azkenik, tentuz ari dira jarraitzen Macronen urratsak. 

Ezker parlamentarioak ezkerreko ministroa exijitzen dio Macroni, edo, bestela, hauteskundeak deitzea. Baina lehen aukera horretan jarria dute fokua. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko diputatu abertzale Peio Dufauk Euskadi Irratian esan du eskuineko gobernuek huts egin dutela Frantzian, eta ezkerra soilik dela alternatiba, ezpada eskuin muturra.

Lecornuk “haustura” iragarri zuen Bayrouren gobernuarekiko, baina azkenean, hemezortzi ministroetatik hamahiruk errepikatu egingo zuten Lecornurekin, tartean Bruno Le Mairek, azken zazpi urteotan Ekonomia ministro izandakoak. Krisi ekonomikoan murgildurik dago herrialdea, eta bera kargutik kentzea ezinbestekoa da oposizioarentzat. Azken orduotan, Le Mairek berak esan du uko egiten diola gobernuan egoteari.

Agertoki posibleak

Macronek desiratuko lukeen eszenarioa litzateke Lecornu akordiora iristea gainontzeko alderdi politikoekin, eta dimisioa eman badu ere, atzera lehen ministro kargua hartzea. Posible da, baita ere, Macronek lehen ministro berria izendatzea, eta berriz ere hutsetik hastea. Macronen orain arteko jarrerari erreparatuta, litekeena da agertoki posibleena horraino mugatzea.

Gainontzean, Asanblada Nazionala desegin eta hauteskunde legegileak deitu ditzake Macronek, duela urtebete pasatxo egin bezalaxe, Attal lehen ministroaren gobernuak ezin funtziona zezakeelako. Beste aukera bat da Macronek dimisioa ematea, eta hauteskunde presidentzialak deitzea. Interesgarria litzateke jokaldi hori, Batasun Nazionalak horixe eskatzen duelako, baina era berean bere buruzagi Marine Le Pen ezingo litzatekeelako aurkeztu, inhabilitazioa baitauka Europako funtsak bidegabe erabiltzeagatik.

Horiek dira Macronek eskuartean dituen lau aukerak, baina bada beste bat, Macronek berak zer esanik ez duena: bere aurkako zentsura mozioa. Eskuin muturrarekin adostea ez dirudi, ezkerrarentzat, agertoki posibleena litzatekeenik.