Agurtzane Delgado Iriondo preso politiko ermuarra abenduaren 1ean atera da Albaloteko (Granada, Espainia) espetxetik. 2000. urtean atxilotu zuten, eta 2007ra arte Frantziako Estatuan izan zen preso. Eta hortik aurrera, Espainiako Estatuko kartzeletan.
1979an ere atxilotua izana zen Delgado, Naiz.eus-ek jaso duenez. 1990eko hamarkadan, Montevideon zela, Uruguaik bera entrega zezan eskatu zuen Espainiako presidente Felipe Gonzalezen gobernua, baina ez zuen lortu. Espetxealdiaren azken garaian, ezaguna izan da Granadako emakume presoek egindako borroka. 2017an isolamendura bidali zituzten Delgado eta Ainhoa Mujika, kartzela horretan ematen ari zen hainbat eskubide bortxaketa salatzeagatik.