argia.eus
INPRIMATU
Aldanondo gaztandegiko sutea itzaltzeko operazioak Aguraingo Egileor erreka kutsatu du
  • Abuztuaren 13an jazo zen isuria, eta egun berean piztu zen Aldanondo gaztandegiaren sutea itzaltzeko erabilitako milaka litro ur eta errautsen ondorioz kutsatu dela uste dute.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 23a
Arrain eta karramarro ugari hilda agertu dira, suteak ibaira eramandako zikinaren ondorioz (arg. Eusko Jaurlaritza)

Karramarroak eta hainbat espezietako arrain ugari hilda agertu dira Agurain ondotik igarotzen den Egileor errekan. Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak astearte honetan jaso zuen salaketa eta ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Agentziak azaldu duenez, sutea piztu zen “egun beretik” gainbegiratu ditu hura itzaltzeko lanak eta kontrolatu gabeko isuria berriz ez errepikatzeko “beharrezko erabakiak” hartuko ditu.

Abuztuaren 13an Aldanondo gaztandegian bi milioi gazta kilo eta bestelako gai erre ziren. Eraikinaren bi heren kiskali zituen suteak eta hura itzaltzeko milaka litro ur erabili behar izan zituzten. Ur horrek gantza, plastiko errea eta errautsak isuri zituen Egileor errekara.

Zadorra Bizirik elkarteak salatu duenez, erreka “beltz” ageri da geroztik eta asko dira hildako urpeko izakiak. Gaztandegiaren asegurua hondamendi horren kargu egitea eskatu dute ekologistek.