argia.eus
INPRIMATU
Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote uztailaren lehenetik aurrera
  • Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.

Hala Bedi @halabedi 2025eko ekainaren 27a

Apirilean ArcelorMittal enpresak jakinarazi zuen Agurainen (Araba) eta Legasan (Nafarroa) dituen lan-zentroetatik 40 langile kaleratzeko asmoa zuela

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, pasa den astelehenean, ekainaren 23an, egindako kontsultaldia "akordiorik gabe amaitu zen". Apiriletik hona, prozesu hau abiarazi zenetik, enpresak kaleratzeak justifikatzeko duen gaitasun falta agerian geratu dela salatu dute sindikatutik: "Aurkeztutako dokumentazioa ez da nahikoa izan beraien asmoak eta espediente honen beharra azaltzeko eta beraien inkoherentziak sarritan agerian geratu direla".

Sindikatuaren esanetan, enpresarentzako "oso egingarriak" ziren proposamen eta "langileentzako irtenbide hobea" suposatzen zuten alternatiba berriak helarazi nahi izan zaizkie zuzendaritzari, baina erantzuna "ordezkaritza entzuteko asmorik eza" izan dela jakinarazi dute ELAko kideek.

Egoera honen aurrean, langileak asanblada ezberdinak antolatu dituzte bai Agurain zein Legasako lan-zentroetan, eta ELAk aditzera eman duenez, "langileek ia aho batez erabaki dute greba mugagabera jotzea".  Sindikatuak argi du badagoela alternatiba bat ArcelorMittal enpresak planteatu duen arazo honi irtenbidea emateko eta bide horretan "presio neurriak hartuko ditu enpresaren erabakien kostua langileengan eror ez dadin".