argia.eus
INPRIMATU
'Agur Etxebeste' pelikula astelehenean grabatzen hasiko dira
  • Etxebeste familiaren abenturak berriz ere zinema aretoetan izango ditugu. ‘Aupa Etxebeste’-ko lantalde bera izango da.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 24a
Filmeko aktore nagusiak Tabakaleran egindako aurkezpenean (Argazkia: Agur Etxebeste)

Asier Altunak eta Telmo Esnalek Nagore Aranbururen laguntzarekin, pelikula honen gidoiak idatzi dituzte. Aurreko filmeko lantalde tekniko zein artistikoarengana jo dute pelikula egiteko. Beraz, Ramon Agirre Patrizio izango da, Elena Irureta Maria Luisa, Iban Garate Iñaki eta Paco Sagarzazu Luziano.

Irusoin ekoiztetxeak denbora zeraman Altuna eta Esnalen atzetik filma hau egiteko, nahiz eta biek ezezkoa askotan eman. Azkenean 2015ean, ‘Aupa Etxebesteren’ hamargarren urteurrenean, baiezkoa eman zuten.

Elena Iruretari “ilusio handia” egiten dio berriro ere talde artistiko berarekin lan egitea. Ramon Agirrerentzat “gozamen handia” da eta “aurrekoa hobetzen” saiatuko direla adierazi du. ‘Aupa Etxebeste’ lehen filma zen Iban Garaterentzat eta “urduritasun handiz” grabatu zuela dio. Orain denbora darama pelikularik egin gabe eta “urduri samar” dabilela dio. Paco Sagarzazurentzat pasatako hamalau urte hauetan “360 graduko bira” eman duela dio eta berarentzat egindako pertsonaia dela gaineratu du: “Neu naiz, beraz, ahalegin handirik egin gabe egingo dut. Dena den, norbera izatea da askotan zailena”.

‘Handia’ iritsi arte ‘Aupa Etxebeste’ euskarazko pelikularik ikusiena izan zen. Altunak dio ez dela bigarren zatia, “beste pelikula bat” izango dela. Esnalen ustez, filma honek besteak baino drama gutxiago dauka eta gidoi irakurketan “barre asko” egiten ari direla dio.