argia.eus
INPRIMATU
Patxi Etxeberria bertsolaria zendu da
Agur ahots sakoneko plazagizonari
  • Patxi Etxeberria Zubiria (1930 Orio, Gipuzkoa- 2025 Lasarte-Oria, Gipuzkoa) hil da, 95 urterekin. 86 urte arte aritu zen plazan kantuan eta ia 60 urteko ibilbidea bete zuen bertsotan. Helduaroan bertso eskolan astero biltzen zen, gazteekin kantatzeko eta adin aniztasun hori zen Lasarte-Oriako bertso eskolaren berezitasunetako bat. Hainbat belaunaldirekin partekatu zuen oholtza. 1980ko Txapelketa Nagusian finalista izan zen, eta 1964, 1966 eta 1969ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetan ere bai. Plazaz plaza gehien aritu zen garaian urtean ehun plaza egin izan zituen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2025eko abenduaren 29a
Patxi Etxeberriak 2017an Lasarte-Oriako festetako bertso saioan azken bertsoaldia egin zueneko argazkia. Bertsoa.eus

Orioko Ortzaika auzoko Erretzabal Txiki baserrian jaio zen, 1930ean. Baina bizitzaren zati handiena Lasarte-Orian egin zuen, 1955ean bertan jarri baitziren bizitzen bera eta emazte Iñaxi Etxeberria. 1962an arrandegia ireki zuten bertan, eta horixe izan zuten lanbide.

1980ko Txapelketa Nagusiko finala Donostian: Jon Enbeita, Anjel Larrañaga, Jon Azpillagaren aulkia (bera ez da agertzen argazkian, kantuan arituko zen), Xabier Amuriza, Txomin Garmendia, Jose Luis Gorrotxategi, Patxi Etxeberria eta Manuel Sein "Xanpun". Luis Otaegi

“Jaiotzez nirekin etorri zen bertsozaletasuna”, esan izan zuen Etxeberriak, Bertsozale Elkartearen datu baseak jaso duenez. Bere kasa, Santa eskean koplaritzan, taberna giroan eta bazkaritan lagunartean jardunda trebatu zen bertsotan, eta 1956an Hernaniko (Gipuzkoa) Zikuñaga auzoko bertsolari gazteen txapelketa batean egin zuen lehen plaza, baita txapela irabazi ere. Geroxeago heldu zitzaizkion errenkadan Aginagako gazteen txapelketa 1959an, Loiola Irratiko sariketak... Koskaz koska joan zen ezagutarazten bere ahotsa bertso munduan.

1992an Bertsolari Egunean. Patxi Etxeberria eskuinetik hasita bigarrena, Lazkao Txikiren ondoan. Juantxo Egaña
Hizketan bezala bertsotan

“Hizketan bezala bertsotan” egitea zen Etxeberriaren belaunaldikoek bertsotan bilatzen zutena. Etxeberria plazan gehien ibili zen urteetan, 100 plaza pilatu izan zituen. Ahots sendo eta berezia izateaz gain, doinuetan aberastasun handia landu zuen. Esaterako, 1980ko Euskal Herriko txapelketan, hogei doinu abestu zituen, bere ibilbidean ahotik belarrira ikasita zeuzkanak.

Belaunaldi mordoarekin plazak partekatu zituen, eta gazteei eroso sentitzen laguntzen zien, patxada eta konfiantza transmitituta. Ia ehun bertsolarirekin kantatu zuela jaso zuen bere apunteetan, besteak beste, hauekin: hasi Basarri, Uztapide, Lasarte, Zelai, Txapel, Mitxelena, Azpillaga, Lazkao Txiki... eta abarrekin, eta bukatu Unai Agirre, Amaia Agirre, Ane Labaka, Unai Gaztelumendi eta horien garaikide askorekin.

Patxi Etxeberria bertso bazkari batean kantuan.
Bertso eskolan astero, eta azken txapelketak eta plazak

Helduaroan bat egin zuen Lasarte-Oriako bertso eskolaren asteroko martxarekin eta urtetan bildu zen, besteak beste, Ebaristo Pikabea, Joxe Kruz Labaka, Imanol Lizardi, Pablo Suberbiola, Andoni Otamendi, Beñat Iguaran, Zigor Iriondo, Unai Muñoa, Ane Labaka eta beste zenbaitekin. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan bi bider parte hartu zuen Lasarte-Oriako taldean: 1999an Andoni Otamendi eta Pablo Suberbiolarekin; eta 2017an Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Unai Muñoarekin.

2017an kantatu zuen agurtzeko bertsoaldia, urteroko plaza zuen Lasarte-Oriako festetako saioan. Hemen ikusentzun daitezke bere azken agurrak.

Patxi Etxeberria oholtzan kantuan.

2009an Xabier Lasa Bergarak idatzitako Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plaza gizon 1959-2009 liburua argitaratu zuen Lasarte-Oriako udalak. Bertan daude Patxi Etxeberriaren bizitza, mundu ikuskera, bertso bilduma, eta berari buruz hainbat bertsolari eta bertso-eskolako lagunek egindako aipamenak. Txintxarri aldizkarian ikus daitezke urte hartan Etxeberriari egin zioten omenaldiko irudiak.

1986an Patxi Etxeberriari egindako omenaldia. Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusia oroitarria ematen. ARGIA / CC BY-SA

Bertsolaritzaren Datu Basean ikus daitezke berari buruzko informazio, prentsa artikulu, grabazio, bertso eta gainerakoak.

2017an bertsoa.eus hedabiderako Ane Labakak elkarrizketatu zuen Patxi Etxeberria, plazako jarduna utzi behar zuela-eta.

2017an Txintxarri aldizkarian Adrian Garciak elkarrizketa egin zion.

1980an Patxi Etxeberria eta Joxe Mari Zeberio. ARGIA / CC BY-SA