argia.eus
INPRIMATU
Agirrek ez du kargua onartu EITBn ezarriko diren murrizketengatik, El Paisen arabera
  • Mikel Agirrek ez zituen EITBn murrizketak aplikatu nahi, eta horregatik esan dio ezetz taldea zuzentzeari. El Paisen EAEko ordezkari Juan Mari Gastacak  horrela azaldu zuen EITBn gertatu dena atzo argitaratutako artikulu batean. Agirrek plazaratutako komunikatuan azpimarratu du ez duela kargua onartu arrazoi pertsonalengatik.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 28a
Agirrek uko egin dio EITB zuzentzeari (Argazkia: deia.com)

EAJk aurkeztuko dituen aurrekontuetan kulturan murrizketa handiak egongo dira. Gastacak dioenez, Agirrek uste zuen urritzea %12 eta %20 artekoa izango zela, baina Ricardo Gatzagaetxebarria ogasun eta finantzia kontseilariak aipatu berri dituen datuen arabera %30ekoa izan daiteke mozketa El Paisko kazetariaren ustez.

Murrizketa horiek EITBko aurrekontuetan edo pertsonalean aplikatu beharra da Agirre atzera bota izanaren behin betiko arrazoia, Gastacaren ustez. Urkulluk bere garaian aurreratu zuen lanpostu publikoak ez zituela ukituko, eta komunikabide publikoak ez zituela jasango beste erkidego batzuek izan dituzten berregituratzeak, baina artikuluak dio Agirrek hala izatea zail ikusten duela.

Gauzak horrela, EAJk zuzendari berria hurrengo asterako proposatu nahi du. EITB barruan bilatzea “zaila” izan daiteke PSE-EEren arabera. Izan ere, kanpoko batek berregituratzea errazago egin dezake, haien ustez. EH Bilduk komunikabide publikoak izan behar duen ereduaz eztabaidatu behar dela azpimarratu du. Jaurlaritzak hautagai berria bi alderdi horietako batekin adostu beharko du. Printzipioz, berriro ere PSErekin bilatuko dute akordioa.

Bestalde, Naizek atzo argitaratu zuen EITBko kudeatzaile ohiari diru publikoaren bidegabeko erabiltzea egotzi diotela.