Filipinetako politikagintza klan oligarkiko ahaltsu batzuen esku dago gaur egun ere. Eta horregatik, emaitzen irakurketa xehatuak ñabardura asko ditu.
Egin (eta zenbatu) dira agintaldi erdiko hauteskundeak munduko hamabigarren herrialde jendetsuenean. Ezin esango da aurretiaz zituen korapiloak askatu direnik. Katramilatuago ere ez ziren geratuko, agian. Bai, ordea, agerian.
Aldi batez kolonizatzaile zituen, eta gaur egun ere aitaponteko dituen AEBen gobernantza-eredua bertsua (baina seina urteko tarteekin) dutenez, 2022an abian jarri zen agintaldiaren erdiko hauteskundeak egin behar ziren aurtengo maiatzaren 12an Filipinetan. Presidentea ez, baina bai senatuaren erdia, behe-ganbera osoa, eta milaka alkate eta abar aukeratzeko. Parte-hartzea, duela hiru urtekoaren parekoa, aparta izan da agintaldi erdikoetarako; eta, ohi bezala, astebete inguru itxaron behar izan dugu emaitzak jakiteko.
Ez zen tramite hutsala, haatik. Eta bazegoen ikusmina herrialdetik kanpo ere. Iragan hiru urteak benetan gorabeheratsuak izan baitira, Rodrigo Duterteren aurreko agintaldi bortitzaren ondotik. “Bongbong” Marcos Jr. eta Duterteren alaba Sara Dutertek adostutako tandemak irabazi zituen, aise, 2022koak. Baina mundu guztia jabetzen zen elkar akabatu behar ez izateko ezteiak zirela haiek.
Halaxe gertatu da: Marcos-Romualdez-Araneta eta Duterte klanen arteko liskarra etengabea izan da lehen egunetik; eta horren erakusle bikaina da egungo egoera: Rodrigo Duterte presidente ohia Hagan dago atxilo, Bongbongek bidalita, “drogen kontrako gerran” egindako gizateriaren aurkako krimenen erantzule delakoan. Eta Sara alaba Senatuan epaiketa politikoaren zain... Marcos presidentea hiltzeko prestamenak egin omen dituelako. (Gogoratuko duzue: pasa den azaroan Sarak jakinarazi zuen, bera hiltzen bazuten, Marcos hiltzeko agindua emana zuela jada; hortik abiatzen da auzia, eta Filipinetako aurrekariak gogoan izanda, ez da debaldeko kontua). Alegia, elkar akabatzearena ez dela metafora hutsa.
Liskar horri hautetsontziek nolako epaia ematen zioten zen erabakizunetako bat. Argi dago Marcosek ez duela irabazi. Sara Duterteren aurkako epaiketa politikoa ia aukerarik gabe geratu da senatuan; eta haren aita presoak eta anaiak Davaoko gotorlekuan erdietsi duten egundoko garaipenak erakusten du klanaren sasoia ez dela nolanahikoa, han bederen. Baina ez da Davao eta Dutertetarren kontua soilik: artez edo moldez, Filipinetako politikagintza klan oligarkiko ahaltsu batzuen esku dago gaur egun ere. Eta horregatik, emaitzen irakurketa xehatuak ñabardura asko ditu.
Ez da, ordea, etxe barneko korapilo hutsa: Marcos-Duterte gatazkak kanporanzko fazeta ere badu, Txinarekiko eta eskualde osoarekiko harremanak direla eta. Iraganean bezala, AEBen ahari-burua izateko hautua egin du Marcos klanak eta, agian, horrek ere badu zerikusia hauteskunde-emaitzekin.
Baina... atzera egiteko aukerarik ba ote du orain, antza denez, Marcos Jr.-ek Sararekin berregin nahi lituzkeen zubi horiek osatzeko? Ez du lan samurra.