argia.eus
INPRIMATU
Agendari so

Itxaro Borda 2020ko martxoaren 27a

Harrigarria da agendari begiratzea. Iparraldean konfinamendua martxoaren 17a hasi zen eta data horren aurreko egunek beste mundu, garai edo toki batekoak ematen dute. Axola gabezia inozentetik errealitate latzera jauzi batez iragan bagina bezala: dagoeneko, ordu bakoitzak, koronabirusak kutsatu eta hilen zenbakiak ekartzen dizkigu. Laster gu ere setiatuak izanen gara. Eta iraunen du. Emmanuel Macronek, ez dakit zergatik, bere bi mintzaldietan konfinamendu hitza ez zuen ahoskatu, bai aldiz eufemismo eta gerla diskurtso zeharkari sobera, ekonomia neoliberala derrigor salbatu beharrez jendetza lanjerrean jartzen duela. Ez gara haurrak....

Anartean, denbora urritzen, astirotzen eta sakontzen doa. Ez dugu sekula horrelakorik ezagutu. Gure buruak deskubritzen ari gara, erdi izutuak, erdi deliberatuak, elkartasun berrietarako prest, edozein dela hizkuntza. Eta Vivaldiren musika etengabe entzuteak berarazten gaitu malkoetaraino: andra tutti bene idatzia dator Italiako hormaren batean eta hurrengo neguaren bigarren mugimenduak oraindik ere erraietaraino hunkituko gaitu. Pandemiatik lekora are gehiago maiteko gara, G minorrean.

Hitza hitz.