argia.eus
INPRIMATU
Afrikan eskolatu gabeko
30 milioi haur daude
  • Saharaz hegoaldeko Afrikan 30 milioi haur daude eskolatu gabe, zifrak hobetzen ari badira ere. Azken bost urtetan %60tik %75era igo da haurren eskolaratzea. Afrikar Batasunako Komisioak (AUC) argitaratu berri ditu datuak.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko irailaren 05
Afrikar batasunak haurren eskolatze zifrak eman ditu eta kalitatezko hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du.

Kenia, Ghana, Tanzania, Zambia eta Maurizio dira lehen hezkuntza unibertsala lortu duten herrialdeak, eta Ruanda, Burundi eta Etiopia oso gertu daude. Aurrerapen handiak egin badira ere, Saharaz hegoaldeko herrialde asko izango dira, ordea, 2015erako oraindik ere neurri horietara ailegatuko ez direnak, Afrikar Batasunak azaldu duenez.

Nigeriaren kasua azpimarratu dute. Kontinenteko herrialde aberatsenetakoa bada ere, zifrek okerrera egin dute eta beste lurralde batzuetan gauza bera pasatzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.

Indarrak kalitatezko hezkuntzan

Eskolatze mailei arreta kendu gabe, baina kalitatezko hezkuntza bati begira dago orain Afrika. Bi milioi irakasle daude eta errekurtsoak falta zaizkiela adierazi dute. Afrikar Batasunak gobernuen eta erakundeen inplikazioa eskatu du.