Afrikako ahots sakona

  • 1932ko martxoaren 4ko Johannesburgotik aurtengo azaroaren 10eko Castel Volturno italiarrera tarte handia dago. Urte eta kilometro asko. Baina ibilbide hori egin duenaren izaerak jasandako aldaketak, gutxi. “Afrikako Ama” lehengo astean hil zen, baina bere idealen eta sinesmenen aldeko orro sakonaren oihartzunak luze iraungo du.


2008ko azaroaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Miriam Makeba

 

Duela 76 urte Miriam Makeba izenez sortu zen mundura, Johannesburgon (Hegoafrika), Xhosa etniaren barruan, gerora “Afrikako Ama” izango zena. Haurtzaroa Pretorian (Transvaal) igaro zuen, eta gaztetatik kanturako afizioa erakutsi zuen. 17 urterekin jada, hainbat elizetan eta festetan abesten aritzen zen. 50eko hamarkadan afizioa ofizio bihurtu eta The Black Manhattan Brothers taldearekin hasi zen kantuan, Afrikako hainbat herrialdetan barrena bidaiatzeko aukeraz gozatuz. Gerora, bere banda sortu zuen, The Skylarks, jazza eta hegoafrikar musika tradizionala nahasten zituena.

 

1948an ordea, Alderdi Nazionalista iritsi zen boterera, Daniel François Malan artzain protestantea buru zuela, eta 50eko hamarkadan Apartheid izenez ezagutzen diren lege arrazistak indarrean jarri zituen. Arrazaren araberako bereizketa helburu zuten lege hauen arabera, beltzak – populazioaren %80 inguru– eurentzat prestatutako zonetan bizitzera derrigortuta zeuden; eta zuriak bizi ziren zonalde aberatsetan sartzeko pase berezi bat behar zuten.

 

Miriam Makeba Apartheidaren kontrako iritzia plazaratu zuen, eta poliziaren gertutik jazarri zuen. Horrez gain, bere ibilbide musikala ez atzera ez aurrera geratu zen eta indartzeko asmoz kanpora joatea erabaki zuen. Hala ere, 1958an isilean Veneziara, eta handik, Londresera aldegin baino lehen, 1956an izugarrizko fama ekarri zion abestia plazaratu zuen: Pata-Pata. Londresen zegoela, Harry Belafonte ezagutu zuen. Berari esker AEBetan sartzea lortu zuen, eta 1960tik aurrera elkarrekin aritu ziren hainbat disko eta biretan.

 

Urte horretan, artista afrikarraren jaioterrian dagoen Sharpevillen poliziak sarraski handia eragin zuen. 1960ko martxoaren 21ean hainbat pertsona bildu ziren Sharpevillen, modu baketsuan Gobernuak ezarritako bereizketa arrazistaren aurka protesta egiteko. Baina poliziak indarrez egin zien aurre bertan bildutakoei, eta 60 pertsona baino gehiago hil zituen. Horien artean Miriam Makebaren hainbat senitarteko. “Ama Afrikak” Nazio Batuen Erakundearen aurrean salatu zuen gertatutakoa, eta Hegoafrikar Errepublikako Gobernuak pasaportea ukatu zion, bere jaioterrira itzultzea debekatuz.

 

Garai berean gainera, Stokely Carmichael, beltz iparamerikarren lider eta Pantera Beltzak arrazakeriaren aurkako erakundeko partaide zenarekin ezkondu zen. Horren eraginez, bere abestien karga politikoa indartu egin zen, eta beltzen askatasunerako eta emakumeen aldeko kantuak plazaratu zituen. Guztiaren ondorioz, poliziaren presioa indartu egin zen, eta azkenean, FBIk Makeba eta bere senarra Guinea Conakry-ra aldegitera behartu zituen.

 

Bitarte horretan Hegoafrikako egoerak txarrera egin zuen. Protesta baketsuekin batera hainbat sabotaje bideratu eta zuzendu zituzten lider politiko beltz batzuek. Ondorioz, Apartheida indartu egin zen, eta 1964an egin zen Rivoniako Epaiketan Nelson Mandela eta beste zazpi politikariri bizi osoko kartzela zigorra ezarri zieten, traizioa egotzita. Nazio Batuen Erakundeak epaiketa hori gaitzetsi zuen, eta Gobernu Hegoafrikarraren kontrako presio internazionala areagotu egin zen. 1989an Frederik de Klerk iritsi zen boterera eta bereizketa arrazistari amaiera eman zion. 1990an Mandela askatu zuen, eta berarekin batera demokraziarako prozesu bati ekin zitzaion Hegoafrikar Errepublikan.

 

Urte horretan “Afrikako Ama” bere jaioterrira itzuli zen Mandelak hala eskatuta. Gerora, gainera, bere Gobernuan parte hartzeko eskatuko zion. Bizitza guztian zehar, Makebak arrazismoaren kontra eta eskubide zibilen alde borrokatu zuen. 2001ean Nazio Batuen Erakundeko elkarte alemaniarrak Otto Hahn bakearen saria eman zion. Urtebete beranduago Suediako Musika Akademia Errealak Polar Music Prize saria eman zion.

 

Bere konpromisoarekin jarraituz, Castel Volturno herri italiarrean aritu zen kantari lehengo astean, Camorra mafia taldearen kontra lanean ari den Roverto Saviano idazleak antolaturiko kontzertuan. Azaroaren 10ean emandako kontzertuaren ostean hil zen “Afrikako Ama”, bihotzeko baten ondorioz, baina berak utzitako kantuen erritmo dantzagarriek gure burmuin eta bihotzak astintzen jarraitzeko nahikoa indar dute oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoafrika
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


2022-03-21 | ARGIA
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako

Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]


Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?

Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude