Hamid Karzai Afganistango presidenteak emakumeen eskubideak murriztuko lituzkeen legea babestu du hauteskundeen atarian. Nazio Batuen Erakundeak atzo adierazi zuenez, legeak senarrak nahi duenean sexu harremanak izatera behartuko lituzke eta baimena beharko lukete kalera irteteko. Gobernuak ez du oraindik dokumentu ofizialik argitaratu.
Afganistango Konstituzioak eta nazioarteko hitzarmenek sexu-berdintasuna bermatzen dute egun, gizonezko xiiek (biztanleen %10a biltzen duen islamaren adarrekoek) poligamia eskubidea badute ere.
Shinkai Zahine Karokhail emakume parlamentariak gogor kritikatu du presidentearen jarrera eta xiien bozak irabazi nahi dituela uste du. 2014ko apirilan egingo dira hauteskundeak. Legea indarrean jartzen bada, “talibanen garaian baino okerrago” izango da, Humaira Namati senatariaren ustetan. Talibanek 2001ean utzi zuten agintea, Amerikako Estatu Batuen erasoak garaitu zituenean.
Giza Eskubideen aldeko hainbat erakundek legea xehetasun osoz ezagutu nahi dutela aldarrikatu dute. Justizia Ministerioak aldiz, “arazo teknikoak” konpontzean argitaratuko dutela adierazi du.