Azken urteotan Afganistanen hil edo zauritu dituzten zibilen kopuruak behera egin badu ere, AEBek sustatu eta hainbat herrialdek babestutako gerraren emaitza lazgarria da: 2009tik hona 28.291 zibilen heriotza eta 52.366 zauritu zenbatu ditu Nazio Batuen UNAMA erakundeak.
Batez beste, 2017an 29 zibil afganiar hil dituzte egunero. 10.453 hildako eta zauritu izan dira guztira iaz. Horien laurdena, Gobernuaren eta nazioarteko okupatzaileen aurka borrokan ari diren indarrek egindako erasoetan gertatu dira, gehienak Kabul hiriburuetan eta horietako asko suizidak.
Hala, 2017an 3.438 zibil hil eta 7.015 zauritu dituzte. 3.179 umeak izan dira, 861 hil eta 2.318 zauritu dituzte.
2009tik hona, UNAMAk kontaketa hasi zuenenik, 28.291 zibil hil eta 52.366 pertsona zauritu dituzte Afganistanen.
Okupazio militarra
2001eko urriaren 7an Afganistan okupatu zuten Amerikako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko armadek irailaren 11ko atentatuen aitzakipean. 2009ko uztailetik, ISAFek (Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra) 42 herrialdeetako 64.500 militar zituen, horietatik 29.950 inguru estatubatuarrak. ISAFen "lana" 2015ean amaitu zen eta bere lekua hartu zuen NATOren "Laguntza Irmoa" operazioak. Helburu nagusia Afganistango Gobernu aliatuaren indarrak entrenatu eta aholkatzea da. Horretarako 42 herrialdetako 13.000 militarrek hartzen dute parte.