argia.eus
INPRIMATU
Afganistanen gobernu “inklusiboa” osatuko dutela esan dute talibanek
  • Boterearen eskualdaketa baketsua egiteko gobernukide ohiekin hainbat bilera antolatu dituztela iragarri dute matxinoek. Nazio Batuen Erakundeak Afganistan utzi nahi duten herritarren nahia “errespetatu eta errazteko” eskatu die eragile guztiei.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 17a
Afganistango ehunka biztanlek AEBetako hegazkin militar batean sartzea lortu zuten Kabul talibanen eskuetan erori ostean. Argazkia: Defense One/Reuters

Informazio zehatzik ez badago ere, talibanek Afganistanen antolatuko duten gobernu formari buruzko datuak zabaltzen ari dira pixkanaka. Matxinoek eta ihes egindako Afganistango Gobernuko ordezkariek hainbat bilera egin dituzte, ustez, adostutako gobernu proposamen batera heltzeko. 

Astelehenean egindako batzarrean, Hamid Karzai herrialdeko presidente izandakoa, Abdullah Abdullah talde negoziatzailearen burua eta Gulbuddin Hekmatyar Hezb-e-Islami alderdiko buruzagia elkartu ziren. Elkarrizketa “emankorra” izan zela nabarmendu zuten bi aldeek sare sozialetan zabaldu zuten bideoan, EITB hedabideak jaso duenez. "Kabulen lasaitasuna eta egunerokoa itzultzeko", Afganistango agintariek Koordinazio Batzordea sortu zutela iragarri zuten igandean; orain, botere eskualdatze "baketsua" ahalbidetu nahi dute.

Astearterako bilera gehiago espero dira hiriburuan baina hartutako erabakiak ez dira hedabideetan azkar publiko egingo. Horrela adierazi dute The Associated Press hedabidetik. Enamullah Samangani talibanen batzorde kulturaleko buruak komunikabideari adierazi dionez, agintea islamikoa izango da, baina alderdi guztien parte hartzea izango du. Matxinoen bozeramaile Suhail Shaheenek ere ideia bera azpimarratu du, Afganistango gobernua “inklusiboa” izango dela gaineratuz. Goi karguetan, momentuz, Hibatullah Akhundzada talibanen buruak dauzka aukera gehien herrialdeko agintaria izateko, El País-ek jaso duenaren arabera. 

Nazioarteko erantzuna

Ustezko lankidetza zantzuak gorabehera, herritarrak eta nazioarteko komunitatea talibanen esku-hartzaren beldur dira. NBEk astelehenean egin zuen Afganistanen nola jokatu aztertzeko lehen bilera. Bertan, “herrialdea utzi nahi duten atzerritar eta Afganistarren nahia errespetatu eta errazteko” deia egin zieten eragile guztiei. 60 herrialde inguruk aho batez sinatu zuten komunikatua, eta Afganistan okupatu duten indarrei errepideak, aireportuak eta mugak zabalik uzteko eskatu zieten. Mometuz, Afganistanen dauden diplomatikoek eta atzerriko biztanleek dute handik irtetzeko lehentasuna.

Kabulgo aireportua da ebakuaziorako gune nagusia. Astelehenean, talibanak agintera heldu eta gutxira, hainbat biztanle saiatu ziren bertara hurbiltzen, herrialdetik ihes egiteko. Istiluen ondorioz, hainbat hildako egon ziren. Hasieran, Reuters agentziak bost heriotza egon zirela jaso bazuen ere, BBCk zazpi hildako kontabilizatu zituen: jende erauntsiak egon ziren hegazkinetara igotzeko, AEBetako militarrek tiroak bota zituzten airera eta abioien hegaletara helduta alde egin nahi zuten batzuk lurrera erori ziren hegazkinak aireratzerakoan.

Joe Bidenen justifikazioa

2001etik bertan egon ondoren, AEBetako militarrak maiatzean hasi ziren Afganistandik alde egiten. Joe Bidenek gerra uzteko hartutako erabakia justifikatu du orain: “AEBetako tropek ez zuten parte hartu behar Afganistango indarrek borrokatu nahi ez zuten gerran”. Asiako herrialdean bizi duten egoeraren erantzukizunari ere ihes egin dio Bidenek. Bere ustez, militarrak bidaltzearen helburua “ez zen nazio demokratiko bat eraikitzea, terrorismoaren aurka egitea baizik”.