argia.eus
INPRIMATU
AEK-k matrikulazio kanpaina abiatu du, herritarren gogoa ardatz
  • "Milaka lagunek erakusten duten gogoari segika, EUSKARA hitza nabarmendu dugu kanpainaren euskarri grafikoetan, euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko", azaldu dute AEK-ko kideek, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Urrian hasiko du ikasturtea.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 02a
Bilbon aurkeztu du matrikulazio kanpaina AEK-k.

Bost izango dira AEKn euskara ikasteko aukerak: euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak; autoikaskuntza, euskaltegian eta etxean; eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta; online ikastaroak; eta Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera-erreserban.

 

Matrikulazioa gora egiten ari zen etengabe azken urteetan; pandemiak zertxobait apaldu zuen, logikoa den bezala, baina, era berean, azken bi urteetan ikusi dugu egoera zail horretan ere euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirauela, eta ikasle-irakasleen ahaleginari esker, unean uneko babes neurriak beteta, euskalduntze prozesuan aurrera egin dugula. Arrakasta handiz burutu ditugu ohiko ikastaroak milaka lagunekin batera. Gainera, iaz, kopuruek gora egin zuten berriro, eta zinez uste dugu laster hasiko den ikasturtean herritar gehiago hurbilduko direla euskaltegietara. Milaka lagunek erakusten duten gogoari segika, EUSKARA hitza nabarmendu dugu kanpainaren euskarri grafikoetan, euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko.

Euskara-ikastaroetan herritarrek bidelagun onenak izango dituzte, AEK-ko irakasleak, hain zuzen, ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan, eta, euskara, pasio handiz ezagutu eta erabil dezan. Irakasleen profesionaltasuna eta berotasuna, alegia.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek, Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak..) dirulaguntzak ematen dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen, B2ra arteko prozesua doakoa, maila egiaztatuz gero. Aurten, aukerak zabaldu dira eta C1 mailara iritsiko da, kasu horretan 30 urtetik beherakoentzat. Nafarroan, aurten, laguntzak zertxobait emendatu dira, eta Iparraldean ere euskara ikasteko diru-partida bada. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, euskarara, euskaltegietara, hurbiltzeko ezinbesteko osagaia direlako.