argia.eus
INPRIMATU
AEBetako Keystone oliobide polemikoak eraikitzeko azken traba gainditu du
  • AEBak osorik zeharkatuko lituzkeen oliobidearen proiektuaren eraikuntza gertuago dago: Nebraskako batzorde batek proiektua onartu du, 8.000 milioi euroren truke. Hasierako ibilbidea aldatuko dute, babes gune batetik ez igarotzeko.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 22a
Milaka protesta izan dira AEBetan proiektuari ezetz esateko (argazkia: laopinion.com).

1.700 kilometrotako bidea egingo luke Keystone XL izenez ezagutzen den oliobideak eta egunean 830.000 petrolio upel garraiatzeko gai izango litzake.

Aspaldi jarri zen oliobidearen auzia mahaiaren gainean, baina proiektua baldintzatu duten bi data mugarri daude: bata 2015an Barack Obama orduko AEBetako presidenteak proiektua atzera bota zuenekoa –neurri handi batean herritarren protestek bultzatuta– eta bestea, 2016an Donald Trumpek hauteskundeak irabazi bezain laster oliobidea eraiki egingo zela esan zuzenekoa.

Keystone XL aurrera ateraz gero, AEBek “independentzia energetikoa” lortuko lukeela argudiatu du Trumpek, behin eta berriz.

Aldeko jarrera duten alderdi nahiz sindikatuek ekimenak “milaka lanpostu berri” sortzeko balioko lukeela erabili dute argudio moduan. Petrolioa garraiatzeko modurik “seguruena” dela ere esan dute.

Kontrako jarrera dutenek, ordea, ingurumenari kalte “zuzena” egingo liokeela nabarmendu dute eta sisteman gerta litekeen edozein akats “hondamendia” izango litzatekeela.