Joan den asteburuan Erorien Eguna ospatu dute AEBetan, herrialdeko armadan bizia galdutako soldaduen omenez. Egun hori udaren hasiera bezala ulertzen da herrialdean, eta uda giroan ospatzen dute, igerilekuetan eta hondartzetan. Aurtengoa desberdina izatea espero zuten, urruntze sozialak eraginda, baina hedabideek jasotako irudiek jende pilaketak erakutsi dituzte.
Egoera larria izanda ere, Erorien Egunak ohiko irudiak eman ditu zenbait kasutan. Igerilekuak eta hondartzak jendez beteta erakutsi dituzte zenbait hedabidek. Autoritateek jende pilaketak sakabanatu dituzte. Reuters agentziak jaso duenez, Houstoneko alkate Sylvester Turnerrek jakinarazi du 250 kexa jaso zituztela igandean, distantziak mantentzen ez zituen jendeagatik.
Munduko heriotzen ia herena dute AEBek beren gain: 97.000 lagunek galdu dute bizia herrialdean koronabirusaren eraginez. Ekainaren 1erako 100.000ra heltzea espero dute. Hala ere, konfinamenduaren aurkako protesta ugari piztu dira herrialdean; "askatasuna" aldarri, komertzioak zabaltzeko eskatu diote Gobernuari.
50 estatuek neurriak leundu dituzte eta kasuek goraka jarraitzen dute. Joan den astean 11 estatukasu berrien errekorrera heldu ziren. Guztira 1,6 milioi kasutik gora daude herrialdean: AEBeak dira kutsadutuen munduko rankineko liderrak.