argia.eus
INPRIMATU
AEBn euskararen irakaskuntza bultzatzeko akordioa sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk
  • Euskal diasporaren Boiseko Jaialdiaren testuinguruan, Etxepare Euskal Institutuak eta AEBetako euskal erakunde NABOk euskararen irakaskuntza sustatzeko akordioa sinatu dute. Hori horrela, AEBetako Euskal Etxeek euskara "sustatuko eta trinkotuko" dute, eta Jaurlaritzak euskal diasporarekiko konpromisoa berretsi du. 

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 04a
Etxepare Euskal Institutuaren eta NABOren arteko akordioaren sinadura. Etxepare Euskal Institutua

Bost urtean behin AEBetako Idahoko estatuaren hiriburuan, Boisen, ospatzen da euskal kulturaren ekitaldi handia, Jaialdi izenekoa. Dantza emanaldiak, herri kirolak, bertso saioak eta plater eta edari tradizionalak eskaintzen dira, beste askoren artean. Jaialdia igandean amaitu da, baina bertara egindako bidai instituzionala dela medio akordio bat sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk (North American Basque Organizations) –Ipar Amerikako Euskal Elkarteak–. 

Akordioa Etxepare Euskal Institutuak prentsa ohar batean iragarri du, eta Euskara Munduan programaren baitan kokatzen dute; programa horren helburua "euskararen ezagutza mundu osoko euskal komunitateetan hedatzea eta belaunaldi berriei transmititzea" da. NABOrekin sinatu duten akordioak helburu bikoitza du. Batetik, Argentinako eredua eraman nahi dute AEBetara: "Euskal komunitateetako kideek euskara ikasten duten eta dagozkien Euskal Etxeetan irakasle izateko trebatzea" lortu nahi dute. Bestetik, euskara ikasi soilik ez, formakuntza didaktikoa ere jasotzen dute kideek, eta horrela, Euskal Etxeek modu autonomoan jarduteko aukera daukate, Euskal Herritik bertaratutako irakasleen beharrik gabe.

Helburu horiek egikaritzeko Etxepare Euskal Institutuak, babes instituzional eta pedagogikoa indartuko duela adierazi du. Euskara ikastaroetara bideratzen duen finantzazioa handituko du, eta tokiko irakasleen formakuntza sustatuko du "kalitatezko irakaskuntza bermatzeko". Hitzarmena Imanol Pradales lehendakariak berretsi du, eta "konpromiso pedagogikoa baino askoz gehiago" dela dio: "Hizkuntza gure nortasun ezaugarri nagusietako bat da, eta diasporan bizirik mantentzea gure komunitate globala indartzea da".