argia.eus
INPRIMATU
AEBek interneteko neutraltasunarekin bukatu dute
  • "Orain arte interneteko hornitzaileek tratu bera ematen zieten webgune guztiei: batean edo bestean sartu, abiadura eta sartzeko aukera bera zeneukan. Interneten neutraltasun horrekin bukatzeko neurria hartu berri dute, ordea, AEBetan".

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko ekainaren 11
Telekomunikazio Batzorde Federala (argzkia:FCC)

Telekomunikazio Batzorde Federalak hartu du erabakia eta Alderdi Errepublikarraren gehiengoarekin atera da aurrera lege berria. Enpresen eta erabiltzaileen arteko erabilera berdina bermatzen duen oinarria da Interneteko neutraltasuna, eta lege honek enpresen eta erabiltzaile partikularren arteko desberdintasunak handituko ditu. Aurrerantzean, hornitzaileek hainbat webgune blokeatu ahal izango dituzte, webguneei abiadura desberdinak eman eta hauen arabera kobratuz, adibidez.

Hornitzaileen industriako kideek esan dute erabiltzaileek ez dutela inolako aldaketarik nabarituko. Alderdi Demokratak, herri eragileak eta Silicon Valleyeko hainbat kide garrantzitsuk –Facebook eta Google, esaterako–, aurka agertu dira Trumpek hartutako neurriarekin eta milioika dolar jarri dituzte lobby batean lege honekin bukatzeko. Erabakia auzitegietan inpugnatzeko asmoa ere iragarri dute.

Inkesta batek argitaratu duenez, estatubatuarren %83ak interneteko neutraltasuna mantendu nahi zuen; legea onartu duen alderdi errepublikarraren botoemaileen %75a ere neutraltasunaren aldekoa da.