argia.eus
INPRIMATU
AEBetara bidaiatu nahi duzu? Aurretik utzi zure sare sozialak ikusten
  • Donald Trumpen administrazioak joan den ostiralean indarrean jarri duen neurri baten ondorioz, Amerikako Estatu Batuetara sartzeko bisatua eskuratu nahi duen edozein pertsonak azken bost urteetan erabili dituen sare sozialei buruzko informazioa eman beharko du.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 05
AEBetan sartzeko azken bost urteetan erabili dituzten sare sozialen berri eman beharko da aurrerantzean (argazkia: Tracy Le Blanc).

Informazio horri esker, AEBetako gobernuak eskua izango ditu herrialdera sartzen diren pertsonen argazkiak, zein tokitan egon den eta beste zenbait datu pertsonal ere, The New York Times-ek informatu duenez.

“Dagoeneko zenbait informazio eskatzen dugu, bidaien historia, senide kopurua eta bisatua eskatzen dutenek aurretik izandako helbideak”, azaldu du AEBetako estatu-departamentuak ohar batean. “Etengabe ari gara lanean gure jarraipen-prozesuak hobetzeko, AEBetako herritarrak babesteko asmoz”.

2017ko martxoan Donald Trump presidenteak emandako agindua dago neurri berriaren atzean, baina Barack Obamaren agintaldian ere hasiak ziren norabide berean lanean, bisatua eskatzen zutenei euren sare sozialetako informazioa eskatuz –nahiz eta orduan informazio hori bidaiariak bere borondatez ematen zuen, ez derrigortuta–.

Neurriak polemika eragin du eskubide zibilen defentsan ari diren elkarteen protestengatik. Eta agerian utzi du egunero erabiltzen ditugun sare sozialak zenbateraino izan daitezkeen lagungarri kontrol sozialerako.