"Atzerriko terroristengandik" babestea arrazoi bezala jarrita, Donald Trumpek dekretu bidez agindu du zazpi herrialdetako pertsona guztiei debekatzea AEBetara sarrera, eta beste bost herrialdetako herritarrei mugak jartzea.
Donald Trumpek bideo batean jakinarazi du "AEBak atzerriko terroristengandik eta beste mehatxuengandik babesteko" sinatu duen dekretuaren edukia: Afganistan, Birmania, Txad, Kongoko Errepublika, Ekuatore Ginea, Eritrea, Haiti, Iran eta Libiako pertsona guztiek debekatuta izango dute AEBetan sartzea hemendik aurrera, eta Burundi, Kuba, Laos, Sierra Leona, Togo, Turkemistan eta Venezuelakoek mugatuta izango dute.
AEBetako presidentearen esanetan "identitateen kudeaketan hutsuneak" aurkitu omen dituzte, eta ustez horrek eraman du erabakia hartzera, baina ez du datu gehiago eman informazio "klasifikatua" delako. Aurrera begira ez du baztertu herrialde gehiago batzea zerrendari.
Migratzaileak orokorrean jarri ditu jopuntuan beste behin Trumpek, eta ziurtatu du AEBetan "egon behar ez luketen milioika eta milioika immigrante ilegal" daudela
Joan den igandean, migratzaile egipziar batek Hamasen esku dauden bahituak askatzeko manifestazio bati eraso zion Coloradoko Boulder hirian, eta hori aipatu du Trumpek debekua arrazoitzeko, nahiz eta erasotzailea oraindik ez den epaitua eta zigortu izan.
"Atentatu terrorista horrek erakutsi du atzerritarrak gure herrialdera sartzeak zer nolako arriskuak sortzen dituen", esan du Trumpek. Baina, segidan, migratzaileak orokorrean jarri ditu jopuntuan beste behin, eta ziurtatu du AEBetan "egon behar ez luketen milioika eta milioika immigrante ilegal" daudela.
Presidentetza hartu eta berehala, migratzaileen sarrera debekatzeko bere politiken baitan, Trumpek txosten bat egiteko eskatu zien Segurtasun Nazionalerako Departamentuari eta inteligentzia zerbitzuetako zuzendariari, hainbat herrialdetatik AEBetara joaten diren pertsonen inguruan.