argia.eus
INPRIMATU
AEBetan eten egin dituzte industria toxikoarekiko kontrolak
  • AEBetako Ingurumena Babesteko Agentziak eten egin ditu koronabirusaren krisiak iraun bitartean enpresek ingurumena zaintzeko egin behar dituzten kontrolak.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 29a

Horrela dio eldiario.es hedabideak. Martxoaren 26an moratoria iragarri duela Ingurumena Babesteko Agentziak (EPA, ingelesezko hitz elkarketan): industria kutsatzaileek ez dute ingurumen legedia bete beharko martxoaren 13tik, "epe batez".

Agentziaren zuzendari den Andrew Wheeler-ek pisua kendu zion erabakiari: "EPA gizakien osasuna eta ingurumena zaintzen konprometituta dago, baina onartu behar dugu koronabirusarengandik langileak eta herritarrak babesteak eragin zuzena izan dezakeela industriek araututako betebeharrak betetzeko duten gaitasunean".

Koronabirusaren krisiak iraun bitartean kontrol txostenik ez

Zehazki hau da EPAk hartu duen erabakia: agentziak ez du zigortuko koronabirusaren krisiak iraun bitartean enpresek ez aktibitatea kontrolatzea eta hainbatean behin bidali behar dituzten txostenak bidaltzea.

Neurri honen atzean petrolio industriaren presioak daudela dio albisteak. Izan ere, iragan astean American Petroleum Institutek gutun irekia bidali zion Trump presidenteari, eta gutun honetan bi eskaera zehatz egiten zizkion EPAri: aipatutako kontrol hauek etetea, eta baita ere negutik udaberrira bitartean erregaia aldatu beharrik ez izatea.

Izan ere, EPAk behartzen ditu gasoil nahasketa aldatzera negutik udaberrira igarotzerakoan, horrela saihesteko erregaia ebaporatzea tenperaturak berotzean, horrek ozono gehiago askatzen baitu.

EPAk ez du petrolio industriaren bigarren eskaera honekiko adierazpenik egin oraingoz.