argia.eus
INPRIMATU
AEBetako produktuei boikota egiten ari dira herrialde eskandinaviarrak
  • Tesla autoen salmentak, esaterako, %30 jaitsi dira urtea hasi denetik. Danimarkan beste hainbeste jaitsi da AEBetara oporretan joango direnen erreserba kopurua. Eta Suedian, inkesta baten arabera, hamarretik zortzi prest leudeke produktu estatubatuarrei boikota egiteko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko martxoaren 18a
Whisky botilen apala Danimarkako Bilka supermerkatu batean. Izartxo batekin markatzen dituzte jatorri europearreko produktuak, baita, kasu batzuetan, kartel urdin batez ere. AFP

Donald Trump agintera heldu eta produktu europarrei muga-zergekin mehatxu egiten hasi zenetik, Norvegia, Suedia eta Danimarkako herritarrak mobilizatzen ari dira. Kolektiboak ere sortu dira, eta baten batzuk, lehendik ere existitzen baziren ere, biderkatu egin dituzte jarraitzaileak. Hala kontatu du Politiken hedabide danimarkarrak erreportaje sakon batean: "Gero eta gehiago dira Google eta Netflix-etik alde egiteko eta Tropicana zukua, Oreo gailetak, Colgate hortzetarako orea eta Kleenex mukizapiak ez erabiltzeko eskatzen duten internautak; loratzen ari dira alternatibak, produktu europarrak". Olatu berean doaz Twitterretik edo egungo X-tik alde egiteko exodo aldarriak.

Boikota, oro har, Elon Muskengan zentralizatu da: bere Tesla autoen salmentak %30 pasatxo jaitsi dira hiru herrialde horietan. Gehiena Suedian, erdira murriztu dira, Göteborgs-Posten hedabide suediarrak kontatu duenez. Kolpearen dimentsioaz ohartzeko, kazetariak nabarmendu du Teslak auto elektriko berria aurkeztu duela azken hiruhilekoan, Suedian auto elektrikoen salmenta gora eta gora ari dela –iaz epe berean baino %32 gehiago matrikulatu dira–, eta, hala ere, Tesla autoen salmenta erdira murriztu dela.

18 eta 34 urte arteko emakume suediarren %91k egingo lieke boikot produktu estatubatuarrei

Harago doa kontua. TV4 telebista kate suediarraren galdeketa baten arabera, suediarren %78 prest legoke jatorri estatubatuarra duten produktuei "boikot serioa" egiteko. Emakumeek babestuko lukete boikota gizonezkoek baino gehiago, baina are deigarriagoa da, adin tarteetan, gizon eta emakumeen arteko grafikoa guztiz alderantzizkoa dela: 18 eta 34 urte arteko emakumeak dira boikotaren alde gehien dagoen giza-taldea –%91ko babesa–, eta adin bereko gizonezkoak dira babes gutxien emango luketenak –%60–. Aldiz, gizon guztien artean, boikotaren aldekoenak 65 eta 84 urte artekoak dira.

Danimarkan, bestalde, Politiken hedabidearen atentzioa eman du beste datu honek: AEBetarako opor erreserbak %30 jaitsi dira Danimarkan. AP albiste agentziak, bestalde, erreportaje bat egin du Bilka supermerkatuak harturiko erabaki baten inguruan. Ondorengo argazkian ikus daitekeen bezala, jatorri europarreko produktu guztiei izar bat duen kartel urdin bana ipini diete, zera dioena: "Izarra ipini diegu europar jatorriko elikagaiei. Erabakia zeurea da, baina erraztu nahi dizugu Europaren erosketa. Egon lasai, beste mundu osoko produktuak ere badituzu gure supermerkatuan". AP albiste agentziak dioenez, ez dituzte jatorri estatubatuarreko produktuak seinalatu, ezta iragarki horretan esplizituki AEBak aipatu ere, legez kanpokoa litzatekeelako.

"Izarra ipini diegu europar jatorriko elikagaiei. Erabakia zeurea da, baina erraztu nahi dizugu Europaren erosketa. Egon lasai, beste mundu osoko produktuak ere badituzu gure supermerkatuan" AFP

Norvegiako Gobernua, AEBen alde

"Gaurtik aurrera, urpekari estatubatuarrek erregaiaren depositua betetzeko arazoak izango dituzte gure kostaldean". Hala esan zuen Ipar Itsasoan erregai gehien hornitzen duen konpainiako buruak, Norvegiako NKR komunikabideak informatu zuenez, eta horrek epe laburreko krisia eragin zuen gobernuan. Gunnar Gran enpresako nagusiak "lotsagarritzat" jo zuen Donald Trump eta Volodimir Zelenskiren artekoa Etxe Zurian, eta "AEBei boikota" aldarrikatu zuen; ziurtatu zuen bere konpainiak ez ziela erregairik salduko.

Ordu gutxiren buruan, Norvegiako Gobernuko Defentsa ministroak kontrakoa esan zuen, "AEBei eta mundu guztiari, salbuespenik gabe" salduko zitzaiola "erregaia eta dena delakoa", boikotik existitzen ez delako. "Norvegiak eta AEBek harreman estua eta sendoa dute defentsaren alorrean, kooperazioan", esan zuen.