Baltimoreko Gun Trace Task Force Poliziaren elite taldeko zortzi kide epaitzen ari dira ustelkeria egotzita. Epaiketak agerian utzi du polizia askoren maukapeko estrategia: gezurretazko pistolak eramaten zituzten aldean, ondoren pertsona errugabeei ipintzeko. Horrela, poliziek norbaiti tiro eginez gero, euren burua zuritzen zuten pertsona armatua zela esanez.
Ez hori bakarrik: legez kanpoko armak kaletik ateratzeaz arduratu behar zuen polizia taldeak boterea neurri gabe baliatu duela esan du fiskaltzak: pertsona errugabeak lapurtzen zituzten, eta konfiskatutako drogak berriz saldu, besteak beste.
Gezurretazko armen aferak dudan jarri ditu hainbat kasutan poliziek emandako defentsarako testigantzak: 2014an, Clevelanden ustez jostailuzko pistola batekin jolasten ari zen 12 urteko haur bat hil zuen polizia batek; 2016an 13 urteko ume bati bi tiro egin zizkioten poliziengana gezurrezko pistola batekin korrika zihoalako; eta 2015 eta 2016 urteetan Poliziak tiroz hil zituen 86 pertsonari jostailuzko armak izatea egotzi zieten.
Baltimore Sun hedabidearen esanetan, Baltimoreko Poliziaren “inoizko ustelkeria kasu handiena” da honakoa.