AEBetako Osasun Publikoaren arduradunak esan du datorren aste hau "estatubatuar gehienen bizitzako asterik zailena eta tristeena" izango dela. Pandemiaren garai iluna "Pearl Harbour" eta "Irailak 11" gisako momentua izango dela esan du, CNNn irakur daitekeenez.
"Hau izango da gure Pearl Harbour, baina ez da leku bakarrean gertatuko, herrialde osoan izango da", esan du Jerome Adamsek Fox News hedabidean. Jerome Adams aldi berean, mediku anestesiologoa eta almiranteordea da, eta AEBetako Zirujau Orokorraren kargua dauka. "Estatubatuarrek uler dezaten nahi dut, aste hau zaila izango den arren, tunelaren amaieran argia dago".
Agintariek ohartarazi dute datozen bi asteak erabakigarriak izango direla birusaren hedapena gelditzeko borrokan. Igande goizaldeko datuen arabera, 8.503 pertsona hil dira gaitzarekin eta 312.245 dira kutsatuak, Johns Hopkins Unibertsitateak bildutako datuen arabera.
1941ean, 2.400 estatubatuar baino gehiago hil ziren Pearl Harborreko (Hawaii) base militarraren aurkako eraso japoniarrean, eta beste 2.996 hil ziren 2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikietan izandako atentatuetan, Pentagonoan eta Pennsylvanian hegazkin batek izandako istripuan.