AEBko telebista kateen albistegietan geroz eta denbora gehiago eskaintzen diete klimarekin lotutako gaiei. Orain arte ikusi gabeko egoeren aurrean daude estatubatuarrak. Esaterako, Boston hiria orain arteko elurte handienak jasaten ari da eta ez-ohikoa den elurra ikusten hasiak dira Georgia moduko hegoaldeko estatuetan. Aldi berean, Kaliforniako zati handi bat lehorte handirako prestatzen ari da.
Milioika dolar gastatzen ari dira telebista kateetako albistegiak “klima ikuskatzeko zentro” deigarrietan Amy Goodman kazetariak Democracy Now! hedabidean jaso duenez. Eguraldiaren berri ematen duten set hauek, “muturreko fenomeno klimatikoak ikuskatzeko zentro” bilakatzen ari dira orain, “muturreko fenomeno klimatiko” adiera erabiliz eta “klima aldaketa” eta “berotegi efektua” alde batera utziz. Hango albistegien publizitate tarteak ikustea besterik ez dago, erregai fosilen industria zein garbia eta zoragarria den esaten duten iragarkiak maiz topatzeko.
Horrelako gaien informazioa geroz eta beharrezkoagoa den momentuan, klimarekin lotutako informazioen jarraipena egiten duen pertsonal kopurua jaisten ari dira AEBetako hedabide nagusi batzuk. Joan den urrian, AEBetako irrati publikoen NPR kateak lau pertsonatik batera murriztu zuen klima aldaketaren gainean zeudenen kopurua. Bakar hau egun erdiz ari da lanean gainera. 2013. urtean, The New York Timesek ingurumen gaietan espezializatutako taldea desegin zuen.
Itxura denez, debatea amaituta baitago dagoeneko. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC), 2007ko nobel saridunak, 80 herrialdetako 800 zientzialarik idatzitako txostena argitaratu zuen honako baieztapen honekin: “Gizakiaren eragina klima aldaketan argia da: geroz eta gehiago aztoratu klima, gehiago arriskatzen gara atzera bueltarik ez duten gertakari eta ingurumen-inpaktuetara. Badauzkagu klima aldaketa mugatu eta etorkizun jasangarriagoa egiteko bitartekoak”.
AEBetako gobernua ere arduratuta dago gaiarekin, aldaketa benetakoa dela uste du Pentagonoak. Zerbaitegatik definitu dute bai George W. Bushen, bai Barack Obamaren Defentsa Departamenduek klima aldaketa "segurtasun nazionalarentzat mehatxu garrantzitsu" gisa.