argia.eus
INPRIMATU
AEBen eta Errusiaren arteko akordioak estu hartuko luke Zelenskiren gobernua
  • AEBek eta Errusiak sekretupean adostu dute Ukrainako gerraren amaierarako balizko akordioa, Kieveko eta Europar Batasuneko agintarien parte hartze eta oniritzirik gabe. AEBetako Axios, Financial Times eta The New York Times hedabideek hilaren 12an jakinarazi dute informazio hau.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko azaroaren 21

Balizko bake plan horrek 28 puntu ei ditu, eta ezagutzen denaren arabera, Ukrainak herrialdearen ekialdeko hainbat eremu Errusiaren esku utzi beharko lituzke. Orain arteko negoziazioetan Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Khersoneko eskualdeak bereganatzeko asmoa erakutsi izan du Errusiak, baina dirudienez azkenean Luhansk eta Donetsk bakarrik eskuratuko lituzke. Edozein modutan, biak gune desmilitarizatuak lirateke eta ez Ukrainak, ez Errusiak ezingo lituzkete tropak zabaldu bertan.

Horrez gain, esparru militarrean ere baldintza gogorrak leudeke Ukrainarentzat: erdira jaitsi beharko luke bere armadaren tamaina eta ezingo lituzke eduki arma mota batzuk, bereziki Errusia jo dezaketen irismen luzeko misilak.

AEBen laguntza militarra ere gutxitu edo amaituko litzateke, eta ez litzateke onartuko Mendebaldeko inongo troparen hedapenik Ukrainan. Orain arte, Frantzia eta Erresuma Batua prest agertu izan dira behin su-etena finkatuta beren soldaduak Ukrainan zabaltzeko, baina Errusiak ez du horrelakorik onartzen eta helburu militar gisa hartuko lituzkeela iragarri izan du.

The Guardian-en arabera, eremu kulturalari begira ere badira hainbat baldintza. Besteak beste, Ukrainak onartu beharko luke errusiera hizkuntza ofiziala izatea herrialde osoan, baita errusiar eliza ortodoxoari ofizialtasuna eman ere Ukraina osoan.

Horren guztiaren truke, Ukrainak eta Europak izango lituzkete AEBen nolabaiteko segurtasun bermeak Errusiaren balizko erasoen aurrean. Edozein modutan, batetik ez dira ezagutzen eta, bestetik, ez dirudi hori berme handirik litzatekeenik. AEBek Budapesteko Memoranduma sinatu zuten 1994an, eta Errusiaren inbasioa eman zen 2022an. Joe Biden presidente zuten AEBek diru eta material militar ugarirekin lagundu dute Ukraina, baina horrek ez zuen eragotzi Errusiaren erasoa.

Donald Trump Etxe Zurira bigarrengoz iritsi zenean, aste gutxi batzuetan gerrarekin amaituko zuela iragarri zuen. Ez zen bete iragarritakoa, baina ahaleginean argi geratu da edozelako akordioaren oinarria AEBen eta Errusiaren arteko kontua izango dela. Horren aurrean kexu dira aliatu europarrak, eta ostegun honetan bertan, Kaja Kallas EBko atzerri gaietarako komisarioak adierazi du edozein akordiotan Kiev eta EB kontuan hartu behar direla ezinbestean.

Gerran Ukraina larri

Azken hilabeteetan ere argi gelditu da Errusia aurrera egiten ari dela apurka, geldo baina seguru. Batetik, zazpi hiri Errusiaren menpe erortzekotan omen daude nahiko azkar edo bestela datozen aste edo hilabeteetan: Kupyansk, Mirnograd, Pokrovsk, Guliaipole dira horietakoak. Errusiak gogor kolpatzen ei ditu ukrainar armadako unitateak, eta ukrainarrek ozta-ozta erresistitzen dute, errusiarren indarrei kalte eragiteko ahalmen txikiagoarekin.

Ukrainak kolpatzen ditu ekonomia eta energia azpiegiturak Errusian, baina Errusiak askoz gehiago Ukrainan, eta azken asteetan milaka misil eta drone jaurti ditu Ukrainako garraio, industria eta energia sareetara. Moon of Alabama AEBetako blogean zehaztasun handiagoz irakur daitezke egoera militarrari buruzko kontuok.

Blogean zehazten denez, gainera, AEBak Ukrainako ustezko ustelkeria kasuak erabiltzen ari dira Volodimir Zelenskiren gobernua AEB-Errusiaren arteko akordioa onar dezan presionatzeko. Ezaguna den moduan, Energia eta Justizia ministroek oraintsu dimititu berri dute Zelenskiren gobernuan, Timor Mindich enpresariarekin lotutako ustelkeria kasuaren bueltan.

Ustelkeriaren aurkako Ukrainako Bulegoak azaleratutako datuen ondotik eman dira dimisio horiek, eta blog horretan esaten denez, bulego hori AEBen menpekoa da erabat. Ez da samurra halako kontuetan fidagarritasunez aritzea, baina ustezko sekuentzia hala izan da: lehenik ustelkeria kasuen berri ezagutu zen, gero planaren filtrazioa eta, ostegun honetan bertan, AEBetako armadako goi mailako ordezkariak bildu dira Kieveko agintariekin Ukrainan.