argia.eus
INPRIMATU
Horrela zailtzen die bizitza AEBen Gobernuak gerra krimenengatik Netanyahu auziperatu duten epaileei
  • Donald Trumpek erabaki zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiko sei epaile eta hiru fiskal AEBen zigorren pean jartzea. Nicolas Guillou zigortutako epaileak adierazi du bizitza zaildu diotela eta gizateriaren balio komunen oinarria dela jokoan dagoena. 

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko azaroaren 21
Nicolas Guillou epailea Hagan 2024an. Nazioarteko Zigor Auzitegia

NZAko Nazioarteko Zigor Auzitegiko sei epaile eta hiru fiskal, Karim Khan fiskal nagusia barne, Amerikako Estatu Batuen zigorren pean jarri zituzten abuztuaren 20an, Donald Trumpek hala erabakita. AEBetako administrazioak erabakia argudiatu zuen, epaile eta fiskal horiek "Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Yoav Gallant Defentsa ministroaren aurkako atxilotze aginduak ematea baimendu” zutelako. Bi gizonei gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkieten, Gazako Zerrenda suntsitzeagatik. 

Ostegunean, Le Monde-k zigor horien pean dagoen Nicolas Guillou epailearekin elkarrizketa plazaratu du. Nabarmendu dute zigorrak ez direla abstraktuak, eta eragin zuzenak dituztela. Guillouk salatu du bere bizitza zailtzeaz gain –AEBetako edozein zerbitzu ukatzen zaio, eta praktikan munduko toki gehienetan ezin ditu banku eragiketak egin–,  Auzitegiari eraso egiten zaionean,  –erailketen, bortxaketen, torturaren...– biktimak isilarazten dituztela.

AEBen zigorren helburua, hasieran, giza eskubideen urraketei erantzuteko sortu zela dio Guillouk, “terrorismoari eta droga trafikoari aurre egiteko”. Gaur egun, ia 15.000 pertsona daude zigortutako pertsonen AEBetako zerrendan, “batez ere Al-Qaedako, Estatu Islamikoko , talde mafiosoetako eta erregimen diktatorialetako liderren kideak”. Eta zerrenda luze honetan NZAko bederatzi magistratu daude. Guillouren esanetan, Auzitegia eraiki zen gerren biktimak edo krimen larrienak babesteko sistema baten goiko solairua izateko. Beraz, hau erasotzean, “gizateriaren balio komunen oinarria da jokoan dagoena”, gaineratu du.

Zigorren aurrean zer egin daiteken galdetu diotenean, subiranotasunaz mintzatu da: “Subiranotasunik gabe – militarra, sanitarioa, bankukoa eta digitala – zuzenbide-estatua ezin da jada bermatu, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurkako zigorren atzean zuzenbide-estatuaren auzi osoa dago jokoan”. Neurri konkretuetara lurreratuta, Europako agintariek "blokeo-erregulazioa" ezar dezaketela adierazi du. Neurri horrek Europar Batasuneko herritar eta enpresak babesten ditu, hirugarren herrialdeek ezarritako zigorren eraginetik.