Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen gehiagorik gabe, Europak AEBei erosiko die gerra makineria.
Europak burua makurtu du AEBetako Donald Trump presidentearen aurrean. Trumpek mehatxu egina zuen %30eko muga-zergak ipiniko zizkiela Europako Batasuneko produktuei, bazirudien abuztutik aitzina martxan jarriko zituela, eta itxuraz presazko testuinguru horretan Eskozian egin dute bilera Trumpek eta Europako Komisioko presidente Ursula von der Leyenek. Europan batzartu badira ere, ez dira leku neutro batean elkartu: Trumpek Eskozian duen lurzoru handi batean egin dute bilera, hau da, haren etxean.
Akordioa erdietsi dute. AEBek Europari muga-zergak ipiniko dizkie, eta Europak AEBei ez; horixe da funtsean adostu dutena. Europatik AEBetara esportatuko diren produktu guztiek, era orokorrean, %15eko muga-zergak jasango dituzte hara iristean, ageriko prezio igoerak izango dira hortaz, baina bueltan, Europak orain arteko jarrera mantenduko du AEBeko produktuekiko: orain arte, elkarri %1 eta %1,5 arteko muga-zerga ipintzen zioten.
Ez hori bakarrik. AEBekiko leial, datozen hiru urteetan Europak beste hiru ekintza esanguratsu egingo dituela hitzeman du. Lehena, energiari dagokiona: Europak 750.000 milioi euroko gastua egingo du AEBei energia erosten. Bigarrena, "beste inbertsio lerro osagarri" gisa izendatu dutena: 600.000 milioi euro AEBetan garatuko diren hainbat proiektu estrategikotan inbertitzeko. Eta hirugarrena eta azkena, Von der Leyenek prentsaren aurrean aipatu ez duena baina Trumpek azpimarra egin diona, gerra makineriari loturikoa: AEBetako presidentearen esanetan, "ehunka milioi euroko erosketak" egingo dizkie Europak armagintzan.
Von der Leyenek "garaipen" gisa saldu du akordioa, besteak beste, auto europarrek ia %30eko muga-zergak zituztelako azken boladan, eta erdira jaitsiko direlako. Dena den, funtsean, Trumpen aurrean belarriak jaitsi ditu Europak. Eta letra lodia arestian aipatutakoa bada ere, letra xehea are okerragoa dela dirudi. Izan ere, azken orduotan ezagutarazi da aluminioa eta altzairua salbuespen gisa markatu dituela Trumpek, eta %15ekoa beharrean, %50eko muga-zergak ipiniko dizkiela.