Akordioa asteazkenean sartuko da indarrean. Haren ondorioz, AEBek %30eraino jaitsiko die ordaindu beharreko muga zerga produktu txinatarrei, eta Txinak %10eraino estatubatuarrei.
Donald Trump AEBetako presidentetzara heltzearekin batera, Washingtonek mundu osoko herrialdetako produktuei ezarritako muga zergek hautsak harrotu dituzte azken hilabeteetan. Trumpen administrazioak hartutako erabakien ondorio kaltegarrienak pairatu dituen herrialdetako bat, nola ez, Txina izan da. Nazioarteko potentzia ekonomiko handiena izateko lehian, bi herrialdeen arteko tentsioa nabarmen igo da tarifen harira. Horren adierazle da duela hilabete eskas AEBek oro har mundu osoko herrialdeei muga zergak %10era jaitsi zizkien bitartean, Txinari, kontrara, %125era igo zizkiela.
Bada, asteburuan Pekingo eta Washingtoneko ordezkariak negoziatzen aritu dira Genevan (Suitza), eta elkarrizketek fruituak eman dituztela adierazi dute: hiru hilabetez Txina eta AEBek elkarri muga zergak %115 murriztea adostu dute, hau da, AEBek %30eraino jaitsiko die ordaindu beharreko muga zerga produktu txinatarrei eta Txinak %10eraino estatubatuarrei. Astelehenean bi gobernuek ohar bateratu bat kaleratu dute akordioaren berri emanez, eta bertan aitortu dute "ekonomia eta merkataritza harremanek garrantzia handia dutela bi herrialdeentzat eta munduko ekonomiarentzat".
Genevan igandean eginiko prentsaurreko batean, Scott Bessent AEBetako Altxor idazkariak jakitera eman zuen bi potentzien arteko elkarrizketak "eraginkorrak" izan direla. Mezu berbera zabaldu zuen larunbatean Trumpek bere sare sozial Truth Socialen: "Oso bilera ona izan dugu Txinarekin. Gai asko eztabaidatu ditugu, eta akordio asko lortu ditugu gai ugaritan". Txinako ordezkariak ere gustora irten dira elkarrizketatik, eta baikor agertu dira Washingtonek borondatea izango duela negoziatzen jarraitzeko.