Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
AEBtako Segurtasun Nazionaleko idazkari Kristi Noemek iragarri du hasi dituztela hesia beltzez margotzeko lanak. Erabakia AEBetako presidentea Donald Trumpek hartu du, eta haren helburua hesiaren tenperatura igotzea, eta migratzaileen mugimendua geldiaraztea da. Sare sozialetan honela iragarri du Noemek hesiaren margoketa: "Eskalatzeko altuegia da. Zeharkatzeko estuegia da, eta orain, presidentearen aginduz, beltzez margotuko dute: hain bero egotean, legez kanpoko etorkinak ez dira ezta saiatu ere egingo".
Noemek adierazi du hesia babesaren sinboloa dela, baina, AEBekin eta estatubatuarrekin "Trump presidenteak hartutako konpromiso hautsiezinaren monumentua" ere badela aipatu du. Joe Biden presidentea zela, hesiaren obrak geldiarazi zituzten, hori horrela Trumpek hauteskunde kanpainan konpromisoa hartu zuen "ehunka mila milioi" dolar gastatzeko hesiaren eraikuntzan. Presidentetzara ailegatu zenetik migratzaileen kontrako hainbat arau onartu ditu Trumpek, "migratzaileen inbasioa" amaitzeko, eta hala ekin dio pertsonak masiboki deportatzeari, besteak beste.
Sare sozialetan migratzaileen aurkako sarekadez ohartarazten zuen kolonbiar bat atxilotu dute
Tatiana Martínez sare sozialetan Immigrazio eta Aduanen Taldea (ingelesez ICE) zegoen lekuez ohartarazten zion komunitate latinoari. Orain, ICEk Martínez atxilotu du zuzeneko emankizuna egiten ari zen bitartean. Atxiloketan konortea galdu, eta ospitalera eraman behar izan zuten. ICEk sare sozialetan esan du "Kolonbiako etorkin kriminal ilegala" dela, eta mozkortuta gidatzeagatik zigorrak dauzkala aurretik.