Euskal Heriko lurraldeetan eskumena duten administrazioek Koronabirusaren hedatzea ekiditeko hainbat prebentzio neurri jakinarazten eta garatzen ari dira. Gehienak gripe arruntarekin hartzen edo gomendatzen diren neurrien berdintsuak dira.
Frantziako Gobernuak Akitania Berria eskualderako krisi zelula osatu du, eta hainbat neurri hartu. Besteak beste, osasun arloko langileentzako babes neurri bereziak ezarri ditu, eta sintoma susmagarriak agertzen dituzten pertsonak ospitalean ingresatzeko agindua eman du, analisiak egiteko. Eskualdeko ospitale nagusiei agindu die, Baionako Euskal Kostaldeko Ospitalea barne, ospitaleratze kopurua %10ean handitzeko bitartekoak prest izan ditzatela.
Gripe arruntaren antzeko prebentzio neurriak
EAEari dagokionez, prentsaurrekoa eman dute gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Txema Arteagoitia Osasun saileko Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendariak eta Enrique Peiro Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeko presidenteak. Murgak osasun sistema “erne” dagoela adierazi du, berariazko protokolo bat martxan dagoela eta horren barnean Gurutzeta (Barakaldo), Donostia eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleetan 600 ohe gehiago jarriko dituztela. Kasu susmagarri guztiak arretaz artatzen ari direla esan du sailburuak: hamahiru pertsonari egin zaizkio azterketak, hamaikaren emaitzak negatiboak dira eta beste bi pertsonenak falta dira. Murgak ez du baztertu kasuren bat agertzea. Edonola ere, herritarrei “lasaitasuna” helarazi diete hainbatetan prentsaurrekoan. Administrazioak egin bezala, gripearekin hartzen direnen pareko prebentzio neurriak gomendatu dituzte: eskuak garbitzea, zapiak ez berrerabiltzea edo eztula egitean ahoa eta sudurra estaltzea, besteak beste.
Nafarroako Gobernuko osasun arduradunek ere eman dute prentsaurrekoa. Santos Indurain Osasun sailburuak jakinarazi du departamentu arteko komisio bat sortuko duela gobernuak, eta prebentzio eta asistentzia sistema eguneratu dutela. Lasaitasuna eskatu du Indurainek, eta esan du “birusik okerrena beldurra eta alarma” direla. Maskararen erabilera ez dela beharrezkoa ziurtatu du, eta garrantzizkoena garbitasuna dela, “gripe arruntarekin bezala”.