Adituen deklarazioak funtsezkoak izango dira Altsasuko gazteen aurkako epaiketaren bigarren astean

  • Defentsa, akusatu eta hainbat testiguk pasa den astean deklaratu ostean, poliziaren txostena osatu zuten hamabost adituk hitz egingo dute epailearen aurrean bigarren asteko lehen egunetan. Akusazioaren bertsioa indartzeko balio lezake, orain arte ez Koxka tabernako jabeak ez zerbitzariek ez baitute eurek esandakoa babestu.


2018ko apirilaren 23an - 10:57

Guardia zibilek eginiko txostena Altsasuko zortzi gazteei terrorismo delitua egozteko oinarrizko dokumentua da, baita epaiketa Auzitegi Nazionalean izateko ere. Izan ere, txostenen arabera, zortzi gazteak Alde Hemendik mugimenduarekin lotura dute – Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari Euskal Herritik joatea eskatzen dien herri mugimendua –, eta jada artxibatuta dauden txosten batzuek ETAren eta mugimenduaren arteko ustezko harremana iradokitzen dutenez, akusazioak terrorismo delitua leporatzeko argudioa gisa erabili du. Haria  hainbeste katramilatuko ez balitz, Iruñeko Auzitegian epaituko lukete auzia tabernako liskar soil baten moduan.

Aurreko astean epaiketak izan zuen norabidea aintzat hartuta, adituen deklarazioa erabakigarria bilakatu da akusatuek euren bertsioa indartzeko. Orain arte deklaratu duten lekukoek ez baitute guardia zibilen eta haien bikoteen bertsioa sendotu eta liskarra aurretik pentsatuta zegoenaren ideiak indarra galdu du.

Josu Muñoa Koxka tabernako jabearen deklarazioak hautsak harrotu zituen pasa den astean. Muñoak ez zuen guardia zibilen aurkako borrokarik ikusi ez taberna barruan ezta kanpoan ere. Tabernatik atera zenean zalaparta zegoela esan zuen eta Maria Josek, guardia zibil baten bikotekideak, birritan “putasemea” deitu ziola, beste pertsona bat zela nahasita-edo.

Fiskalak poliziaren atestatuan ageri den deklarazio batekin erantzun zion. Ustez Muñoak esandako hitzen arabera, borroka lehenagotik antolatuta zegoen eta liskarrean parte hartu zuten gazteek jotzen zekiten. Fiskalak deklarazio orria erakutsi zioenean han bere sinadurarik ez zegoela nabarmendu zuen Koxka tabernako jabeak eta hori gutxi ez eta berak esan gabeko adierazpenak ageri zirela. Gainera, Polizia Etxera liskar gauaren biharamunean joan zela nabarmendu zuen, igandean, eta ez Poliziaren txostenean ageri bezala, astelehenean.

Tabernariaren adierazpenekin bat egin zuen Koxkako zerbitzariak. Berak ere ez zuen borrokarik ikusi Koxka barruan eta akusazioaren arabera liskarra eragin zuen Jokin Unamuno bertan egon zenik ukatu zuen. Gauzak horrela, akusazioaren argudio nagusienak indarra galdu zuen eta agerian geratu da epaiketaren irregulartasuna. Hala berretsi dute Altsasuko gazteen gurasoek sare sozialetan, non akusazioak Adur Ramirez de Alda kamiseta gorriz zihoala dioen bitartean, gau bertan ateratako argazkiak erakusten du kamiseta beltza zeramala

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude