Nahi dugun etxebizitza izeneko topaketak egiten zituzten bitartean zenbait kolektibok protesta egin zuten: "Nahi dugun baina eskuragarri ez dugun etxebizitzak solasten ari dira", salatu zuten. Ohartarazi dute gutxienez sei familia ari direla kalean bizirauten: "Adingabeak dituzten familiak kalean bizi direla onartzetik etorri beharko litzateke konponbidea: egoera irauli egin behar da", azaldu dute.
Etxebizitzak kezka sortzen du oro har gizartean, are, pertsona zaurgarrienen artean. Zenbait kolektibo ari dira gaia mahai gaineratzen: Salhaketa, Dar Etxea, Elkarri Laguntza, Paris 365, Haritu, Nafarroako SOS Arrazakeria edota Oxfam Intermon. Kalean bizi direnen errealitatea ez da apenas aldatzen: "Oraindik etxe kaleratzeen aginduek segitzen dute eta egun, adingabeekin sei familia ari dira kalean bizirauten. Erakundeen erantzuna dugu faltan", adierazi du Andoni Burgete Salhaketa Nafarroako kideak. Karlos III- etorbidearen eta Orreaga kaleen artean egin dute protesta, noiz eta, bertan ari direnean Nafarroako etxebizitzaren inguruko bigarren topaketak egiten: Nahi dugun etxebizitza goiburua erabiltzen ari dira. Burgetek salatu du, "nahi dugun, baina sarbiderik ez dugu"n etxebizitza aldarrikatzen ari direla.
"Onartezina da jendea kalean bizi dela ikustea, eta hori gertatzen dela onartzea", salatu dute. "Ezinbestekoa da irtenbide egokiak eman daitezen gertatzen denaz jabetzea", azaldu dute. Iruñeko Udalak azken urtean hirukoiztu egin ditu baliabide ekonomikoak etxerik gabekoei arreta eskaintzeko. Gizarte Ekintza arloak esana du ezin diela erantzuna eman iristen ari diren eskaera guztiei baliabideak mugatuak direlako. Kolektibo hauek diote, diruaz gain, bestelako aukerak ere aztertu beharko lirateke kalean inor gera ez dadin.
"Pasa den ikasturtean familia bat baino gehiago utzi zuten kale gorrian, putre funtsenak edo etxebizitza askoren jabeek hala erabakita", kalean bizitzen ari diren fenomenoa dela nabarmendu du Burgetek. Arduradun izan daitezkeen erakunde guztiei egin diete deia, ez ditzaten herritarrak abandonatu.