argia.eus
INPRIMATU
Adinekoentzako Nafarroako lehen etxebizitza kolaboratiboa eraikiko dute Iruñeko Txantrean
  • 25 etxebizitza eraikiko dituzte, eta baratzea eta zerbitzu komunak izango dituzte. Eraikina Etxekide kooperatibak eraikiko du, Nafarroako Gobernuaren babesa du, eta Iruñeko Udalak lursail bat utziko du proiektua eraikitzeko. 2026rako amaitzea aurreikusi dute eta proiektuaren inbertsio osoa 4,5 milioitik gorakoa izango da.

     

     

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 12a
Iruñeko Txantrea auzoko etorkizuneko etxebizitza kolaboratiboen irudikapena. / Argazkia: Nafarroako Gobernua

Bizitegi-proiektua 65 urtetik gorakoentzat izango da, erabilera-lagapeneko erregimenean. Bi solairuko eraikinak etxebizitzak eta eremu komunak izango ditu, baita baratze komunitarioa ere.

Xehetasunak prentsaurrekoan eman zituzten pasa den ostiralean, proiektuan inplikatutako aldeek. Bertan izan dira Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria; Begoña Alfaro, Hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Joxe Abaurrea, Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategia, Hirigintza, Etxebizitza eta Agenda 2030eko zinegotzi ordezkaria eta Carlos Rey, Etxekide kooperatibako hasiera taldeko eragileko kide eta idazkaria.

“Kalkuluen arabera, 2037an, 70.000 pertsonak 80 urtetik gora izango dituzte Nafarroan, eta gaur egun 41.000 dira. Hori dela eta, Foru Gobernuak ikusi du elkarlaneko etxebizitza-eredu berriak edo ‘cohousing’ delakoak abian jartzea erraztu behar dela”, gogorarazi zuen Maeztuk. Eredu komunitario autogestionatua dela azaldu dute, non pertsona guztiek erabakiak, erantzukizunak eta zereginak partekatzen dituzten, eta, aldi berean, erabiltzaile bakoitzaren independentzia eta intimitatea mantentzen diren. "Bazkideen asistentzia-, osasun- eta gizarte-beharrizanei erantzuteko konpromisoa" duen irabazi-asmorik gabeko kooperatiba da Etxekide.

Maezturen hitzetan, Etxekideren proposamena nabarmentzekoa da, bai lankidetzari dagokionez, bai gizarte-irizpideari dagokionez, konpromisoa hartzen baitu kontratatzeko desgaitasuna duten pertsonak, bazterkeria jasaten dutenak edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak. Iruñeko Udalak proiekturako partzela bat lagako du 75 urtez. "Funtsezkoa da tokiko administrazioak, batez ere jabetza publikoko lurrak dituztenak, horiek lagatzeko prest egotea, horrelako bizitokien garapenean aurrera egiteko", adierazi du kontseilariak.

Joxe Abaurrearen esanetan, proiektuak etxebizitza eredu kolaboratibo baten aldeko apustua bateratzen du, jasangarritasunaren, inklusioaren, zaintzaren eta adineko pertsonen protagonismoa berreskuratzearen aldeko konpromisoarekin. "Etxebizitza eskuratzeko eredu ez-espekulatibo berriak dira. Nahiz eta orain adibide txikiak izan, etxebizitza eskuratzeko eredu berrietan gero eta paper garrantzitsuagoa izatea da asmoa ", nabarmendu du.

Baldintzak eta epeak

Carlos Rey Etxekideko idazkariak azaldu duenez, "gure kooperatiba pertsona askok dugun motibazio batetik sortu zen, bakarrik etxean edo egoitza pribatu batean hil nahi ez izatetik. Gure bizitzako azken etapa konpainian partekatu nahi dugu, familiaren edo lagunen menpe egon gabe, eta ahalik eta autonomia handienarekin. Eta bizitzeko modu hori posible izateak motibatu gaitu. Herrialde askotan arrakasta duen etxebizitza eredu kolaboratiboa da".

Reyren arabera, etxebizitza guztiek tamaina bera izango dute, 52 metro koadro gutxi gorabehera, eta banaketa malgua, irisgarritasun unibertsala eta A kalifikazio energetiko hirukoitza izango dute. Gune eta zerbitzu komunitarioak izango ditu: sukaldea eta jantokia, jarduera-gelak, garbitegia, areto soziosanitarioak, liburutegia eta elkarguneak.

Aurreikuspenen arabera, ekainean amaituta egongo da proiektua, eta 2025aren hasieran obrak hasiko dituzte, 2026aren erdialdean eraikina amaituta eta bizitzeko moduan egon dadin. Inbertsioa, guztira, 4.550.759,69 eurokoa izango da. Horretarako, Etxekidek 910.151,90 euroko ekarpena egingo du funts propioetan, eta 3.643.000 euroko eskaera egingo du banku- eta kanpoko finantzaketarako.

Sartzeko interesa duten pertsonek 18.500 eurotik gorako diru-sarrera gordinak izan beharko dituzte urtean, sarrera-ekarpena 30.691 eurokoa izango da, eta hileko oinarrizko kuota 530 eurokoa izango da, gehi 115 euro beste gastu batzuetarako.