argia.eus
INPRIMATU
Adimen anitzak eta musika haur hezkuntzan ikasgai, besteak beste, Hik Hasiren topaketetan
  • Teoria eta praktika pedagogikoetan oinarrituta, hainbat gorputz espresiorekin, arlo emozionalarekin edota psikologia gaiekin lotutako ikastaroak eskainiko dituzte. Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran izango dira, Donostian eta Leioan.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 09a

Heziketa gaien inguruko teoriak eta praktikak izango dira ikastaro horien oinarri: pedagogia sistematikoa, adimen anitzak, adimen emozionala, komunikazioa, musika, artea eta gorputz espresioa, besteak beste.

53 ikastaro izango dira guztira, denak euskaraz. Donostiako EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean 28 ikastaro izango dira uztailaren 4tik 6ra, goizez; arratsaldeetan hezkuntza tailerrak egingo dituzte. Hik Hasik eta EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak elkarlanean antolatu dituzte ikastaro horiek. Bestalde, Leioako Irakasle Eskolarekin batera antolatutako 25 ikastaro izango dira EHUren Leioako fakultatean, ekainaren 28tik 30era.

Berrikuntza ugari izango da aurten: 'Euskal mitologiaren azterbideak' eta 'Adimen anitzak eta Autoestimua' izeneko ikastaroak eskainiko dituzte, besteak beste. Virgnia Belategi Hezkuntza Integraleko adituak ere bi ikastaro eskainiko ditu: 'Mindfulness eta TDAH: arreta barrutik lantzen' eta 'Mindfulness edo arreta osoarekin irakurtzen'.

Hainbat espresio mota eta emozioen arloa lantzeko ikastaroak ere antolatu dituzte: 'Nerabeekiko lana', 'Musikaren bizipena Haur Hezkuntzan' eta 'Entrenamendu mentala eta ametsak' tailerrak, besteak beste.

Ikastaroetan matrikulatzeko epea maiatzaren 31 da. Ikastaro eskaintza osoa ikusgai dago Hik Hasiren webgunean.

Hik Hasi egitasmoa hezkuntza komunitatearen informazio, eztabaida eta elkargunerako bitartekoa da eta Euskal Hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen du.