argia.eus
INPRIMATU
Adidasek Israelgo Futbol Elkartea babesteari utzi dio
  • Martxoan Palestinako 130 futbol taldek egin zioten eskakizuna Adidasi, Israelgo sei taldek lurralde okupatuetan dutelako euren jatorria eta ilegaltzat hartzen den jokaera da nazioarteko zuzenbidearen arabera.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 03a
'Adidas juega limpio' kanpainaren argazkia. (Argazkia: boicotisrael.net)

Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak taldeak (BDS, bere ingelesezko akronimoa) uztailaren 31n iragarri zuen Adidasek ez zuela babestuko Israelgo Futbol Elkartea (IFA), federacionpalestina.cl-en irakurri daitekeenez. Nazioarteko kanpainaren lanari esker lortu dela azpimarratu zuten.  

Ekainean Amsterdamgo Adidasen egoitzan 16.000 pertsonak sinatutako eskaera bat aurkeztu zioten enpresari IFAko babeslea izateari uzteko. Adidasek erantzun zuen FIFAri eskatu ziola lurralde okupatuetako taldeen inguruko iritzia, “nazioarteko zuzenbidearen eta haien giza eskubideen politikaren arabera”.

BDS taldeak jakinarazi duenez nazioarteko giza eskubideen aldeko zenbait taldek, hainbat adituk eta Europako 100 legegile baino gehiagok eskatu diote FIFAri lurralde okupatuetako futbol taldeen arazoa konpontzeko. Eskakizun hauek egin arren FIFAk “neutrala” izaten jarraituko duela adierazi du eta ez duela inongo neurririk hartuko.

Orain BDSk beste kanpaina bat abiatu du Puma marka presionatzeko, bera sartu baita Adidas ordezkatzera.